Umeendako eta gazteendako ekitaldiak antolatu dituzte Gabonetarako

Ubane Madera 2004ko abe. 16a, 13:01
Guztia gertu dute Aramaion aurtengo Gabonetarako. 24an hasi eta abenduaren 30era arteko egitaraua prestatu dute. Olentzero, lantegiak eta beste zenbait ikuskizun antolatu dituzte umeendako. Eta, besteak beste, lantegiak eta topaketak, gazteendako.

Jakinarazi digutenez, Olentzerok hartu du dagoeneko Aramaiorako bidea eta abenduaren 24an, ilunkeran jaitsiko da menditik eskolara. Ongi etorria egiteko zain dauden neska-mutikoekin bat egin eta handik plazara eramango ditu Olentzerok. Izan ere, plazan, ekarritako opariak eta gaztainak banatuko dizkie.

Umeendako ekitaldiak

Horrez gainera, Gabonetako oporrak direla-eta, bestelako ekitaldiak antolatu dituzte neska-mutikoendako. Hala, hilaren 27an, 11:00etan hasita, umeendako lantegiak izango dira kultura etxean; eta 28an, 12:00etan, Elvis sabel hiztunaren ikuskizuna izango da, hori ere kultura etxean. Era berean, hilaren 29an, Legutianon Euskararen Jaia ospatuko dute, Zuiako Koadrilaren eskutik. 10:00etan hasiko da jaia. Hala, Aramaiotik hara joateko autobusa ipini dute, 09:40an aterako da eta 14:30ean bueltatuko da. Euskararen Jaian, besteak beste, magia ikuskizunak, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen saioa, puzgarriak eta lantegiak izango dira. Euskararen Jairako autobuserako, abenduaren 23a baino lehen eman beharra dago izena, ludotekan. Bukatzeko, abenduaren 30ean, 11:00etan hasita, 5 urtetik gorako neska-mutikoendako birziklapen lantegia egingo dute, kultura etxean.

gazteendako ekitaldiak

Bestalde, gazteendako ere antolatu dituzte denbora-pasak Gabonetan. Horien artean, abenduaren 27an eta 28an, malabarismo lantegia egingo dute kultura etxean, 11:00etan hasita. Eta abenduaren 30ean, koadrilako gazte topaketa egingo dute. Halako zerbait egiten duten aurreneko aldia da eta Aramaioko kiroldegia aukeratu du Zuiako Koadrilak lehenengo aldi horretarako. Ekimena 12 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago. 17:00etan hasiko da. Besteak beste, bertso-tribiala egingo dute Aramaioko bertso eskolak lagunduta; eta henna, perkusio eta oreka lantegiak ere egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak