Sententziak dio Albinako hesia zenbait puntutan zabaldu egin beharko dutela

Ubane Madera 2004ko abe. 2a, 13:21
Albinako itxitura edo hesia dela-eta, Aramaioko Udalak epaiketa izan du, lurjabe batek ezarritako salaketaren ondorioz. Orain, sententzia atera da. Eta epaileak adierazi du Albinako lau puntutan kendu egin beharko dutela orain bi urte ipinitako hesia.

Animaliek eraginda, Albinan 12-13 istripu izaten ziren urtero. Gauzak horrela, Udalak erabaki zuen beharrezkoa zela zerbait egitea. Eta batzarrak egin zituen ganaduzaleekin, errepideen arduradunekin eta lurjabeekin. Mertxe Mondragon alkateak kontatu digu guztien artean erabaki zutela egokiena zela hesi bat ipintzea, zaldiak-eta errepidera atera ez zitezen. Gaineratu digu lurjabe batek ez zuela hitzarmen hori sinatu. Baina Udalak ez ziola garrantzirik eman eta hesia ipini zutela, 2002aren hasieran. Alkateak esan digu, harrezkero ez dela izan animaliek eragindako istripu gehiago.

Salaketa eta sententzia

Baina, horrekin batera kontatu digu 2002an bertan hesi horren kontrako salaketa ipini zuela hitzarmena sinatu ez zuen lurjabeak. Kontua zera da: hesi guztia jabetza publikoan ipini zuela Udalak, lau puntutan izan ezik. Puntu horiek mendi-bideak dira (Zubero eta Etxanbideta, esaterako). Hala, norbaitek bide horiek erabili gura izanez gero, automobila, derrigor errepide bazterrean utzi beharra zuen. Horrek duen arriskua kontuan hartuta, udaletxekoek erabaki zuten lau puntu horietan hesia metro batzuk barrurago ipintzea, jabetza publikotik kanpo. Baina, betiere kontuan hartuta bide horiek jabetza publikokoak balira moduan kontsideratu izan dituztela. Are gehiago, alkateak esan digu orain arte Udala arduratu izan dela bide horiek zaintzeaz. Edozelan ere, Udalak ez du udalerriko bide guztien inbentariorik. Horrenbestez, legearen aurrean, gune pribatuak dira aipatutako bideak.

Hain zuzen ere, horrexegatik ipini zioten salaketa Aramaioko Udalari: hesia lurzoru pribatuan ipintzeagatik. Salatzaileak eskatu zuen hesi guztia kentzea. Eta epaileak erabaki du hesi guztia ezetz, baina aipatutako lau puntutakoa kendu egin beharko dutela. Erabakia behin betikoa da, hortaz, ezin dute errekurritu.

Gauzak horrela, udaletxekoek lurjabearekin berba egin zuten berriro. Baina ez zuten adostasunik lortu. Hala, erabaki dute hesia kendu beharrean lekuz aldatuko dutela. Alkateak azaldu digu hesia kenduz gero, arriskua berriro sortzeaz gain, lehen baino larriagoa izango zela, behin animaliak errepidera atereaz gero, larrera bueltatzeko zailtasun handiagoak izango zituztelako. Hala, bada hesia jabetza publikoari dagokion lurzoruan ipintzea erabaki dute oraingoz; eta lekua behar bezala seinalizatzea, automobilendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak