Marixeka Egunean 500 lagunetik gora elkartu dira aurten

Olaia Mondragon 2004ko ira. 6a, 13:55
Olaeta, Marin, Otxandio, Aramaio, Gasteiz eta Legutioko jendeak bat egin zuen tradizio handiko jai hori ospatzeko

Marixeka Eguna ospatu zuten atzo Aramaioko izen bereko baselizan, eta 500 lagunetik gora elkartu ziren eguerdiko meza entzutera. Hauetako askok bertan pasa zuten eguna, eta eguraldiak lagunduta, primerako giroa izan zuten. Leku askotatik etorritako jendea bildu zen: batez ere Olaetakoak, Maringoak, Otxandiokoak, Aramaiokoak, Gasteizkoak eta Legutiokoak.

Ekitaldiak goizean hasi ziren salda eta txorizo-dastatzearekin. Eguerdiko 12etan meza santua ospatu zuten Marixekako Amaren omenez. Jarraian, Aramaiotik etorritako Bixente Goikoetxea abesbatzak eta dantza taldeak emanaldia egin zuten. Arratsaldean ere ekitaldi ugari egin zituzten. Horien artean, bigantxak eta poniak egon ziren gaztetxoenendako. Jai eguna bukatzeko, dantzaldia izan zuten.

Marixekako 24. eguna

Marixekako baselizako erromeria eguna ohitura handiko jaia da inguruko herrietako bizilagunen artean. Izan ere, Marixeka baseliza inguruetako zaharrenetarikoa da, baina gerra garaian suntsitu egin zuten, eta ondorioz, erromeria eguna galdu egin zen.

Gerra ondoren, Gure Aterpea elkarteko lagunek eliza berritu eta erromeria berriz ere antolatzen hasi ziren, aspaldiko ohitura hori berreskuratzeko asmotan.

Han altxatzen den baseliza orain 23 urte eraikitakoa da. Aurten, horrenbestez, Marixekako 24. erromeria ospatu dute. Denborak aurrera egin ahala, gerra garaian galdutako jai egun honek gero eta indar handiagoa hartu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak