Udal zerbitzuak esleitzeko jardunean segitzen du Udalak

Ubane Madera 2004ko uzt. 16a, 16:01
Udal zerbitzuen adjudikazioa aztertzen segitzen dabil Udala. Horren ondorioz, besteak beste, kiroldegiak itxita segituko du oraingoz. Bestelako zerbitzuen artean, berriz, udal eraikinen eta kaleen garbiketa herriko enpresa bati esleitu dizkio Udalak.

Oporrak baino lehen esleitu nahi dituzte zerbitzu guztiak. Hala, alkateak esan digunez, zenbait zerbitzu esleituta dituzte. Adibidez, udaletxea, anbulatorioa, eskola eta kultura etxea garbitzeko lanak Aramaioko Garbiketak enpresari eman dizkiote. Bide batez, eta kaleen garbiketa zeini eman erabakitzen duten bitartean, enpresa bera arduratuko da lan hori egiteaz.

Udalarenak baino garestiagoak

Kale garbiketarekin batera, alkateak jakinarazi digu beste bi arlo ere bete barik daudela oraindik: lorezaintza eta uren biltegien mantenua. Alkateak esan digu dauden eskaintzak aztertzen dabilela Udala, tartean, herriko enpresekin ere berba egin dutela, baina azken horien eskaintzak Udalarenak baino dezente garestiagoak direla. Edozelan ere, oraindik ez dute erabakirik hartu.

Herriko eskaintzak aztertu guran

Bestalde, kaleen garbiketa, kiroldegiaren kudeaketa, kontagailuen irakurketa eta mezularitza zerbitzua esleitzeko moduan daudela gaineratu digu, baina erabaki barik dutela zeini esleitu lanok, herriko eskaintzak aztertu nahi dituztelako eta baita beste enpresa batzuenak ere. Edozelan ere, esaterako, kiroldegia itxita dago adjudikazio kontu horrekin hasi zirenetik, eta jakinarazi digute hala segituko duela zerbitzua adjudikatu arte.

Enterramendu zerbitzua

Enterramenduen zerbitzuaren gainean ere galdetu diogu alkateari, eta esan digu zerbitzua ez dutela oraindik esleitu, baina, herrian horren beharra izanez gero, arduratuko direla lan hori betetzeaz.

Herritarren kexuen gainean

Bukatzeko, esleipenen gai horrekin lotuta, zenbait herritar kexu dira herriko zerbitzuak herriko enpresek bete beharko lituzketela esanez, eta salatu dute Udalak kanpoko enpresa merkeagoak kontratatu gura dituela. Horren gainean, Mertxe Mondragonek adierazi digu behin eta berriro Udala badabilela ahalegina egiten herriko enpresak kontratatzeko, baina, haien eskaintzak Udalak egindakoak baino garestiagoak direla. Gaineratu digu zenbait kasutan Udalak bai merkatu dituela lanen prezioak, baina, beste batzuetan igo egin dituela, eta hala ere, herriko enpresa gutxi aurkeztu dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak