Bakarrik 17 autok amaitu zuten Aramaioko lasterketa

Jokin Etxebarria 2004ko eka. 14a, 10:55
Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izan da aurtengo lasterketa, baina auto gutxik amaitu zuten rallysprinta.

Hirugarren aldiz antolatu zuten rallysprinta Aramaion zapatuan. Joan den urteko ibilbide bera izan da aurtengoan ere, eta iaz bezala istripu ugari egon ziren. Izan ere, 34 autok hasi bazuten lasterketa, 17k bakarrik bukatu zuten.

Gainera, eta istripu ugari egon zirelako, lasterketa asko luzatu zen. Adibidez, bigarren txanpa amaitu zenean ia bi orduko geldialdia egon zen. Izan ere, istripua izandako auto batek olioa galdu zuen eta errepide guztia zikindu; epaileek karrera gelditzea erabaki zuten, eta errepidea garbitu egin behar izan zuten.

Jende ugari hurbildu zen Aramaiora zapatuan, eta esan, azkenerako askok aspertuta bukatu zutela; izan ere, luze joan zen lasterketa, 15:30ean hasi eta 20:45 inguru amaitu zelako. Hala ere, autoak bidean ibili ziren bitartean gozatu ederrak egon ziren. Animuak ugari, eta batek baino gehiagok eztarriarekin gaizki bukatu zuen, batez ere Aramaioko bikotea pasa zenean egon ziren uluekin. Izan ere, Haritz Errasti eta Ander Oion bikoteak etxean korrika egiten zuela-eta animu ugari jaso zituen.

Ibarreko gidariek zorte txarra

Lau auto zeuden zapatuko lasterketan gure ibarra ordezkatzen. Esan liteke beraiek izan behar zutela bidea hobekien ezagutzen zutenak, baina zorte txarra izan zuten, eta Arrasateko bikoteak bakarrik amaitu ahal izan zuen lasterketa.

Zorte txarra, istripu inozoak izan zituzten-eta. Esaterako, Oñatiko bikotea lehen bi bihurguneak hartu eta zuhaitz baten kontra joan zen; eskoriatzarrek auto baten kontra talka egin zuten, eta aramaioarrek, lehen txanpa bikaina egin ondoren, bigarrenean bi aldiz autoa irten zitzaien bidetik, eta epaileek ez zieten hirugarren txanpa korritzen utzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak