Patxi Salaberriren azken liburua, euskal klasikoen gainean

Joxe Aranzabal 2004ko mai. 31a, 11:42
Patxi Salaberri irakasle aramaioarrak beste liburu bat argitaratu du, Euskal Klasikoen Atarian, eta hor 32 idazleren aitzinsolasak jasotzen ditu, XX. mendera bitartean idatzitakoak.

Pamiela argitaletxeak kaleratu du Patxi Salaberriren azken liburua: Euskal Klasikoen Atarian. Egileak berak aitortu duen bezala, liburu hori antologia gisako bat da, eta bertan biltzen dira hainbat idazleren lanak, XX. mendera arte idatzi dutenak.

Antologia atipikoa

Antologia atipikoa da, ordea, liburu horrek ez ditu-eta jasotzen idazle horien literatura lanak, baizik eta beraien “gomendiozko gutunak”, “aitzinsolasak” eta “hitzaurreak”. Bestela esanda, idazle horiek idatzitako atarikoak edo berbaurrekoak.

Hori dela eta, kanpoan geratu dira berbaurrekorik sekula idatzi ez dutenak eta interes eskaseko aitzinsolasak egin dituztenak. Oihenart, esate baterako, ez da agertzen liburu honetan. Bai, ordea, beste 32 idazle bikain.

Beste ikuspegi bat

Atarikorik interesgarrienak hautatu ditu Patxi Salaberrik liburu honetan, eta bertan gonbita egiten digu euskal idazle handienetakoen berri izateko. Izan ere, aitzinsolas hauek hainbat informazio eskaintzen digute:

  • Obrari buruzko jakingaiak.
  • Zer motibo izan dituen idazleak obrari ekiteko.
  • Helburuak.
  • Zer irizpide erabili dituen idazleak liburua tajutzeko.
  • Zer kezka izan duen hizkuntzaren inguruan.
  • Egilearen zaletasunak eta herrak.

Esan dugu gorago 32 idazle aukeratu dituela Patxi Salaberrik liburu honetarako. Esan beharra dago saiatu dela oreka gordetzen, eta horretarako hautatu ditu mende eta euskalki guztietako idazleak.

Ortografia ere, eguneratu egin du, euskal klasikoak irakurtzen ohituta ez gaudenok ere arazo barik irakur ditzagun.

Patxi Salaberri

Patxi Salaberri Aramaion jaio zen, eta irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Honako liburu hauek argitaratu ditu, besteak beste:

  • Axularren Prosa Erretorikaren Argitan. (1997)
  • Axularren historiak. (1998)
  • Axular: Antologia. (1999)
  • Haizkora Zuhaitzaren Erroari Kheinatzean (Axularren Gogoetak eta Erranak). (2000)
  • Iraupena eta Lekukotasuna. Euskal Literatura Idatzia 1900 Arte. (2002)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak