Aramaioko Udaletik jakinarazi digutenez, dagoeneko abiarazi dute erabilitako olioak batzeko zerbitzua. Asmoa da olio hori batu eta birziklatzera eramatea, berriro ere motorrendako olio erabilgarri bihurtzeko.
Izan ere, oraingoz, motorrek erabiltzen duten olioa batuko dute bakarrik Aramaion; automobilek, traktoreek eta motordun bestelako tresnek erabiltzen duten olioa, hain zuzen ere. Hala, olio hori baserrian aldatzen duenak, aukera du, orain, erabilitako olioa poteren batean batu eta Iturroste garajera eramateko. Han gertu dituzte 2.000 litro inguru hartzeko bi bidoi. Eta gero, Ekinoil enpresak, hartuko du olio hori, birziklatzera eramateko.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak abiarazitako ekimena da.
Laster etxekoak
Udaletik gaineratutakoaren arabera, orain motorren olioak batzen hasi dira, baina, laster etxean erabilitako olioak ere batzen hasteko asmoa dute, haiek ere birziklatu egiten dira-eta.