Lapurrak ibili dira Aramaioko zenbait lekutan

Ubane Madera 2004ko mai. 7a, 13:58
Azken egunotan herrian lapurretak eta lapurreta saiakerak izan dira. Hiru lekutara sartu dira: kultura etxera, Anboto tabernara eta okindegira. Anboto tabernan egin dute lapurretarik handiena.

Kultura etxean asteburuan sartu ziren lapurrak. Astelehenean ateko sarraila apurtuta zegoen. Mertxe Mondragon alkateak jakinarazi digunez, uste dute lapurrek KZGunera sartu nahi zutela. Baina, haraino iristeko beste bi ate zabaldu behar zituzten eta ez zuten hori egitea lortu. Hala, kultura etxetik ez zuten ezer lapurtu eta ez zuten bestelako apurketarik egin.

Bestalde, astelehen gauean okindegian eta Anboto tabernan sartu ziren lapurrak. Okindegian ez zuten gauza handirik lapurtu. Kontatu digutenez, okindegiaren ondoko lanetatik sartu ziren, okindegiko bulegoaren kristala apurtuta. Baina, han barruan ez zegoen ezer lapurtzeko, eta kolonia pote bat besterik ez zuten eraman.

Berriz, Anboto tabernatik ez ziren esku-hutsik atera. Tabernaren atzeko partetik sartu ziren, kristala apurtuta. 600 euro dirutan, telefonoa, eta presoen eta herriko bi lagunen aldeko itsulapikoak eraman zituzten. Baina, larriena zera da: tabako makinako giltzak ezkutuan zituztela tabernakoek, eta, lapurretaren ostean, makinan ipinita agertu zirela. Horrek esan nahi du, seguru aski, lapurrek bazekitela Anbotokoek non gordetzen zituzten giltzok. Gainera, lapurrak tabernara sartu ahal izateko, lehenago prestakuntza lanak egin behar izan dituzte. Izan ere, tabernaren atzeko aldeko leihoak egurrezko leiho-ateekin daude babestuta, eta kanpotik ezin dira zabaldu.

Kaltetuek lapurretak salatu egin dituzte. Ea bada orain Ertzaintzak zerbait argitzen duen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak