Arabako hirugarren adineko elbarri fisiko edo psikikoendako da eskaintza, eta baita pertsona horien senideendako ere. Urtero egiten du eskaintza Arabako gizarte ongizaterako foru erakundeak, eta iaz zenbait aramaioarrek igaro zuten uda Arabako egoitzetan.
Egonaldiak uztailerako, abuzturako eta irailerako izango dira, eta interesa dutenek eman dezakete izena hilaren 30a bitartean. Hori bai, zenbait baldintza bete behar dituzte.
Baldintza dezente bete behar dituzte eskatzaileek
Adinari dagokionez, 60 urte beteta izan beharko dute. Beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte. Arabarrak izan beharko dira eta lurralde historiko horretan erroldatuta egon beharko dira gutxienez azken 3 urteotan. Era berean, elbarritasun larriren bat izan beharko dute, eta horren ondorioz beste pertsona baten laguntza beharrezkoa izatea eguneroko bizitza egiteko.
Adinekoen Arloko Balioztatze Batzordeak aztertuko ditu eskari guztiak, eta batzorde horrek erabakiko du zenbat eskari onartzen dituen. Gero, Gasteizen, Amurrion, Oionen edo Lezan uda igaro ahal izango dute menpekotasuna duten erretiratuek.
Iturbide egoitzan lekua egonez gero, izango dute aukera Arrasaten uda igarotzeko
Aurten, gainera, Arrasateko Iturbide egoitzan lekua egonez gero, aukera izango dute Aramaioko erretiratuek bertan uda pasatzeko. Beti ere, Iturbiden lekua egonez gero izango dute aukera hori. Informazio gehiago nahi izanez gero, Aramaioko udaletxeko oinarrizko gizarte zerbitzura jo dezakezue.