Harrera ona izan zuen Aramaion antolatutako Gazte egunak

Goiena 2004ko api. 19a, 11:06
Giro ederra izan zen joan den egubakoitzean Aramaion. Sakre eta Ataka musika taldeek prestatu zuten I. Gazte eguna; datorren urtean bigarrena egitea espero dute.

Aramaion giro polita izan zen egubakoitzean. Herriko bi musika taldek, Ataka eta Sakre, aspalditik zuten elkarrekin jotzeko gogoa; eta kontzertua bakarrik antolatu beharrean, I. Gazte eguna egitea erabaki zuten. Hala, pasa den egubakoitzean ospatu zuten egun hori. Aramaioko Presoen Kolektiboak lagundu die prestatzen.

Triki-poteoarekin hasi zuten festa. Herriko trikitilari gazteek jardun zuten jotzen. Eurekin lau bertsolari ibili ziren; eta beste jende ugari, noski. Gauean, berriz, kontzertuak izan ziren. Ataka eta Sakre taldeak ez ziren bakarrik izan; eurekin beste hiru taldek jo zuten.

Bost talderen musika

Gauean musika izan zen nagusi Aramaion. 170 bat lagun hurbildu ziren kiroldegira, taldeak entzutera. Sharon Stoner oñatiarrek eman zioten hasiera kontzertuari. Ondoren, herrikoen txanda izan zen, Ataka lehenengo eta Sakre gero. Batzuk beren trasteak batu eta besteek eurenak prestatzen zituzten bitartean, Andere Arriolabengoa eta Manex Agirrek bertsotan jardun zuten. Ataka taldeko kideak oso gazteak dira, 17 eta 18 urte ingurukoak. Sakrekoek, aldiz, 25 urte dituzte. Denek, Aramaioko lokal batean entseatzen dute.

Biok eta Materia taldeek jo zuten ondoren. Goizeko 5:30ak aldera amaitu zuen Materiak kontzertua.

Hurrengo urtean, berriz

Lan gogorra egin zuten antolatzaileek egubakoitzerako dena prest izateko. Guztira, 40 bat lagun ibili dira zerbait egiten. Izandako harrerarekin gustura geratu dira Ataka eta Sakreko partaideak, eta Gazte egunak jarraipena izatea espero dute.Gazte kontseilua sortzekotan dabiltza Aramaion; eta Sakreko Patxi Godoyk jaia antolatzeko ardura talde horrek har lezakeela aipatu digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak