Manex Agirre hirugarren lekuan sailkatu da finalerako

Ubane Madera 2004ko api. 6a, 17:46
Manex Agirre bertsolariak Aramaio ordezkatuko du aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. Laudion jokatu zuen kanporaketa Manex Agirrek. Eta bera gailendu zitzaien finalerdian jardun zuten beste bost bertsolariei.

Arabako Bertsozale Elkartetik bidalitako informazioaren arabera, Laudioko finalerdian, Iñaki Viñasprek eta Manex Agirrek hamarreko txikian egindako saioa izan zen ofiziotan esanguratsuena.

Gero, ofizio guztien ondoren kartzelako lanak egin zituzten bertsolariek. Guztiak fin ibili ziren bakarkako saio horretan, baina aramaioarrak bota zuen bertsoa gogoangarria izan zen, bertsozale elkartearen arabera.

Gauzak horrela, finalerdian egindakoa puntuatzeko orduan, epaimahaiak 302,5 puntu eman zizkion Manex Agirreri, hala, aurreneko postua eskuratu zuen. Bigarrena Juan Mari Juaristi izan zen, 294,5 punturekin. Eta hirugarrena Iñaki Viñaspre, 285,5 punturekin. Hain zuzen ere, bi finalerdietako emaitzak kontuan hartuta, aipatutako hiru horiek finalerako sailkatzeko beste puntu eskuratu dituzte.

Horrek esan nahi du, zoritxarrez Andere Arriolabengoak ez duela lortu finalera pasatzerik, 275 puntu zituen-eta.

Finala, Gasteizen

Txapelketako finala datorren apirilaren 25ean izango da, domekan, Gasteizko Printzipal antzokian. Honako bertsolariek jardungo dute lehian: Asier Otamendi (318,5 puntu), Oihane Perea (318,5 puntu), Manex Agirre (302,5 puntu), Ruben Sanchez (296 puntu), Juan Mari Juaristi (294,5 puntu) eta Iñaki Viñasprek (285,5 puntu).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak