Laugarren postua eskuratu zuen Andere Arriolabengoak

Ubane Madera 2004ko mar. 29a, 20:58
Oihane Perea eta Asier Otamendi gailendu ziren zapatuko bertsolarien finalerdian. Andere Arriolabengoa laugarren lekuan geratu zen.

Sei lagun izan ziren lehian zapatuan Aramaion jokatu zen finalerdian, eta guztiek ere maila ona erakutsi zuten. Lehiaketaren antolatzaile Xenpelar elkarteak esan digunez, zortziko nagusian akats barik egin zuten aurrera bertsolari guztiek eta zortziko txikian, adibidez, Andere Arriolabengoak ale politak bota zituen urduri samar hasi arren. Hamarreko txikian, berriz, bertsolari guztiak fin ibili ziren.

Andere Arriolabengoak “Asteleheneko Goienkariari” esandakoaren arabera, gustura dago egindako lanarekin, ez zuelako izan bestetan izan ohi duen tentsioa. Hala, ikusten du bere burua badoala apurka-apurka patxada hartzen.

Kontuak kontu, puntuak banatzeko orduan, Asier Otamendi eta Oihane Perea gasteiztarrek berdindu egin zuten lehen postuan, 318,5 punturekin. Ruben Sanchez izan zen hurrengoa, 296 punturekin. Eta Andere Arriolabengoa laugarren, 275 punturekin. Gauzak horrela, aurreneko biak finalera pasako dira seguru aski, puntu ugari eskuratu dituzte-eta.

Gainerakoek, berriz, hurrengo finalerdiaren emaitzen zain egon beharko dute, zein pasatzen den ikusteko.

Zapatuan, Laudion

Hain zuzen ere, zapatuan, hilak 3, jokatuko dute bigarren finalerdia, Laudioko Lanbide Heziketako Udal Eskolan. Manex Agirrek jardungo du han, honako hauekin batera: Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Serapio Lopez, Alberto Martinez eta Iñaki Viñaspre. 19:00etan hasiko da saioa. Hala, Aramaioko eta Laudioko saioetan puntu gehien batzen duten sei bertsolariak izango dira apirilaren 25ean Gasteizen jokatuko den finalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak