Martxoaren 8an bertan (astelehena) hasiko dira ospakizunekin. Hain zuzen ere, egun horretan Las Torpedolevel antzerki-taldea ekarriko dute Aramaiora. Ya te digo antzezlana egingo dute. Bi lagunek osatzen dute talde komiko hori: Madrilen bizi diren Carmen Pardo eta Vene Herrero euskal aktoreek, hain zuzen ere. Azken hori arrasatearra da. 18:30ean hasiko da antzezlana, kultura etxeko zinema aretoan.
Martitzenerako, berriz, sorginen gaineko hitzaldia antolatu dute, Rosa Maria Agudo hizlariaren eskutik. Gasteizko Amagoia Emakume Elkarteko kidea da Rosa Maria Agudo, eta Aramaioko Itur Zuri elkartekoen aspaldiko ezaguna. Askotan etorri izan da Aramaiora hitzaldiak egitera.
Bideo-kafea
Gero, eguenean jarraituko dute Emakumeen Asteko ekitaldiekin. El otro lado de la cama filma emango dute zineman, 18:30ean. Eta haren ostean, kafea hartuko dute, tertulian.
Eta ospakizunekin bukatzeko, urtero moduan, barikuan, bingoa eta afaria egingo dute. Hain zuzen ere, bingoa 19:00etan hasiko da. Eskolako jangelan izango da. Eta gero, afaria egingo dute.