Legutioko begiratoki inguruan, izotz plaka bat zegoen goizean. Horren ondorioz, ibilgailu asko pilatu dira han, ez atzera ez aurrera. Gainera, gero elurra hasi da eta horrek zaildu egin du egoera. Hala kontatu digute Aramaioko Udalekoek. Izan ere, 09:50ak dira eta oraindik ez dira lanera agertu Legutiotik joaten diren langileak.
Auzoetatik berririk ez
Aramaiori dagokionez, berriz, orain zuritzen dabilela esan digute. Goizeko lehen ordutik hona apur bat baretu dela elur zaparrada, baina, orain berriro hasi dela gogoz. Auzoen egoeraren gaineko berririk ez dute oraindik. Edozelan ere, errepideak-eta garbitzeko traktoreak gertu dituzte atzotik auzo guztietan, hortaz, seguru aski lanean ibiliko dira. Kurtzetako mendatean eta Oleta inguruetan daude zailtasunik handienak.