Aramaioko eta inguruotako asto zaharrena akabatu egin da

Ubane Madera 2004ko ots. 3a, 20:26
Akabatu egin da Aramaioko eta inguruko asto zaharrena: Erdaideko ‘Putxiko’. Albaitariak berak ere ez daki seguru, baina 34-35 bat urte hartu dituela uste dute. Eta hori oso berezia da asto batendako, asko jota 24 bat urte hartzen dituzte-eta. Akaso leku onean bizi zelako bizi izan da horrenbeste.

‘Putxiko’ astoa Aramaion bizi izateaz gain, haren ama ere aramaioarra zen: Ibabe baserriko ‘Massiel’. Hala esaten zioten astoari, Massiel abeslariak ‘Eurovisión’ irabazi zuen sasoi hartan Ibabeko astoak asto-lehiaketa ugari irabazi zituen-eta.

‘Massiel’ astoa Artikilo baserrira saldu zuten halako batean, eta hantxe izan zuen ‘Putxiko’ kumea. Geroago, Artikilotik Erdaidera saldu zuten ‘Putxiko’ eta hantxe izan dute azken 25 urteotan, hasieran ganadua zaintzen, eta orain dela 11-12 bat urte ‘biba la vida’, amamaren gonapean ondo zainduta.

Baina zaharra zen oso. Eta zahartzaroak ez du barkatzen. Urtarrilean utzi gintuen ‘Putxiko’-k.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak