Gazte lokalak martxorako zabaldu nahi dituzte berriro ere

Ubane Madera 2004ko ots. 2a, 13:36
Gazteen eta Udalaren artean adostasunik lortu ez dutelako erabaki du orain Udalak gazte lokalak erabili gura dutenendako zerrenda zabaltzea. Hala jakinarazi digu Mertxe Mondragon alkateak. Otsailaren 27a baino lehen eman behar dira izenak udaletxean.

Udaleko ordezkariek argi dute zeintzuk diren gazte lokaletan bete beharreko baldintzak: erabiltzaileen adin-muga 20 urtera artekoa izatea eta gauean, 01:00etan ixtea lokalok. Baldintza horiek betez gero, gazte lokalak erabiltzea libre izango da. Hori horrela, joan den astean zerrenda bat zabaldu zuten udaletxean, gazte lokalak erabili gura dutenek izenak emateko.

Mertxe Mondragon alkateak jakinarazi digunez, asmoa da behin izen guztiak batuta, gazte lokalen erabilera adostea eta gero martxorako berriro ere zabaltzea gazte lokalak.

Erantzunik ez

Alkateak argitu nahi izan du gazteekin izandako azkeneko batzarrean ez zutela adostasunik lortu, baina, Udaleko ordezkariak ahalegina egin zutela. Izan ere, gazte lokalak erabiltzeko adin-muga 18 urtetan ezarri zuen Udalak hasieran, eta gazteen eskaerak entzun eta gero 20 urtera zabaldu zuten. Baina, hala ere gazteek ez zuten onartu.

Gauzak horrela, nahi zutenei sartzeko aukera eskaini zien Udalak, baina, ez zuten erantzunik jaso. Horregatik erabaki dute orain deialdi publikoa egitea.

Orain, gazteen erantzunaren zain daude udaletxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak