Jainkoak eta jainkosak hizpide Toti Martinez de Lezearen hitzaldian

Ubane Madera 2004ko urt. 16a, 10:58
Kultura etxeko zinema aretoa bete-beteta egon zen eguenean Toti Martinez de Lezea idazlearen berbaldia entzuteko. Beste liburu bat prestatzen dabilela kontatu zigun hitzaldia hasi baino lehen. Baita liburu gehiago idazteko material ugari daukala ere.

Mitologiaren gaineko hitzaldia egin zuen Toti Martinez de Lezea idazle ezagunak Aramaion. Antzinako kulturen sinismenen gainean sakon berba egin zuen, Euskal Herriaren kasuan, Anbotoko Mariren gaineko sinismenean. Besteak beste, esan zuen gizakiak gurtu zuen aurreneko izatea emakumezkoa izan zela, jainkosa, beraz. Adierazi zuen lurrak fruituak ematen duen moduan, emakumeak bizia emateko gaitasuna duela-eta gurtzen zutela gizakiek emakumea.

Aztarna gutxi

Euskal Herriaren kasuan, Mari jainkosa da horren ezaugarri. Nabarmendu zuen, adibidez, Marirekiko sinismena oso antzinakoa dela, kristautasuna ezarri baino lehenagokoa, jakina. Haren izena ama eta harri hitzen baturatik etor daitekeela azaldu zuen, Amari berba eginez; eta denborarekin eraldatzen joan dela. Edo akaso Amaia izenarekin lotura izan dezakeela. Kontuak kontu, gure lehengo sinismenen aztarna garrantzitsua dela gaineratu zuen, bereziki, halako sinismenen gaineko oso gauza gutxi iritsi zaigulako gaur egungo euskaldunoi.

Eta gero, zer?

Luze berba egin zuen Totik. Ordubete pasatxoz. Informazio ugari eman zuen, batez ere kristautasunaren eta lehengo sinismenen arteko loturaren gainekoa. Eta hitzaldia bukatu baino lehen, aurtengo udan egin duen aurkikuntzaren berri eman zuen. Hil eta gero zer? Gure arbasoek horren gainean zuten sinismena ustez ulertu duela esan zigun: landareen hazia lurrera erori eta ernetzen den moduan, gizakia lurperatu egin behar dela, gero berriro “erne” dadin. Txalo zaparrada artean bukatu zuen Toti Martinez de Lezeak hitzaldia, eta gero, Iturrieta sagardotegira joan zen, txotx egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak