Dirulaguntza deialdia egin du Udalak

Ubane Madera 2004ko urt. 8a, 13:26
Udalak jakinarazi digunez, zenbait dirulaguntza eskatzeko epea zabaldu dute. Elkarte edo fundazioendako, erakunde publikoendako eta gizarte zerbitzuen inguruan jarduten dutenendako da deialdia.

Gizarte zerbitzuekin lotutako jarduerek urtarrilaren 31ra arteko epea dute laguntzok eskatzeko; berriz, gainerako biek otsailaren 15era artekoa. Edozelan ere, guztiek Gizarte Ongizaterako Foru Eraikinean egin beharko dituzte eskaerak, Gasteizko Diputazio kalean, hain justu ere.

Elkarte edo fundazioak

Irabazi asmo bariko elkarte edo fundazioek eskatu ditzakete dirulaguntzok, hiru zereginetarako: gizarte zerbitzuen oinarrizko ekipamenduak gaitzeko edo berritzeko; egokitzeko zaintzeko edo hobetzeko; eta ekipamenduak edo altzariak erosteko.

Erakunde publikoak

Erakunde publikoen kasuan, laguntza eskatzeko derrigorrezkoa dute zentroaren edo zerbitzuaren titularitatea edo kudeaketa eurena izatea. Hala izanda, dirulaguntza lau zereginetarako eska ditzakete: zentroa edo zerbitzua gaitzeko edo berritzeko; egokitzeko, zaintzeko eta hobetzeko; ekipamenduak eta altzariak erosteko eta auzolanean egindako lanetarako materiala erosteko.

Gizarte zerbitzuak

Eta gizarte zerbitzuei dagokienez, lan horretan ibiltzen diren pertsonek edo taldeek eska ditzakete dirulaguntzok. Hau da, prebentzio edo gizarteratze lanak egiten dituztenek edo gizarte laguntzak ematen dituztenek. Hain justu ere, euren programak eta jarduerak aurrera eraman ahal izateko dira laguntzok.

Informazio gehiago behar izanez gero, Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzura jo beharra dago, eguaztenetan 12:00etatik 14:00etara; eta barikutan 08:00etatik 12:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak