Epaitegiak erabaki duenez, Olaetako abadetxea auzotarrena da

A. Leibar 2003ko abe. 4a, 13:42
Olaetako abade-etxea dela eta, orain dela gutxi epaitegiak erabaki du etxe hura Gotzaindegiarena barik oletarrena dela. Oso erabaki garrantzitsua da hori oletarrendako, auzoan ez dituzte-eta auzotarrenak diren jabetza asko. Orain arte moduan erabiltzen segituko dute.

Oletarrek abadea bizitzeko etxea eraiki zuten Olaetan 1747an, beste leku askotan moduan, ardoari ezarritako zergaren bitartez. Eta, 1923an, han bizi zen abadeak jabetza erregistroan sartu zuen abadetxea Gotzaindegiaren izenean, baina, ez zuen adierazi Gotzaindegia zela haren jabe, baizik eta haren edukitza zuela adierazi zuen. 1941era arte bizi izan zen abade hura Olaetako abadetxean.

Elkarten moduan

Rafael Untzaluk, abadetxearen gaia lantzen ibili denak adierazi digunez, urte askoan han ez da bizi izan abaderik; are gehiago, 1975etik aurrera, etxea konpontzeko asmoarekin elkartea sortu zuten bazkideen kuoten bitartez konponketak egiteko. Hala egin zuten. Harrezkero, abadetxea oletarrek erabili izan dute: elkarte moduan, auzoko emakumeendako… Gainera, lehenagotik ere erabiltzen zuten abadetxe, egurra gordetzeko, korta moduan…

Jabetza erregistroa

Kontua da, 1997an, oletarrek abadetxea jabetza-erregistroan sartu zutela, baina, eurak jabeak balira moduan. Horren ondorioz, Arabako Gotzaindegia dezente haserretu zen eta gutuna bidali zien oletarrei. Aldiz, haiek ez zioten kasurik egin.

Baina, geroago, abadetxearen teilatua konpontzen hasi zirenean, berriro ere Gotzaindegiaren gutuna jaso zuten. Rafael Untzaluren esanetan, mehatxuak-eta bidali zizkien, oletarren jarrera kritikatzen, eta gaia epaitegietara eramango zutela esanez.

Aldeko epaia

Hala egin zuen Gotzaindegiak, eta orain dela gutxi epaia kaleratu du epaitegiak. Oletarren aldekoa izan da erabaki hori. Horrek esan nahi du epaitegiak erabaki duela abadetxea oletarrena dela, eta ez Gotzaindegiarena. Rafael Untzaluk kontatu digun moduan, abadetxea Gotzaindegiaren jabetza lortzeko, 30 urtez jarraian bizi behar zuen abaderen batek, eta oletarrek epaitegiari probatu diote hori ez dela sekula hala izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak