Aurreneko 100 egunen balantzea egin du alkateak

Ubane Madera 2003ko urr. 23a, 20:22
Goiena Telebistako Herrilan izeneko programan, besteak beste, etxebizitzen gainean, gazte lokalen gainean eta egoera politikoaren gainean berba egin zuen Mertxe Mondragonek.

Adierazitakoaren arabera, lantaldea osatuta dago Udalean; aurrera begira egin beharreko lana zehaztuta dute, baita proiektuak ere. Hortaz, orain bide horretan aurrera egitea da gauza. Horixe da, oro har, orain arte egindako balantzea.

Horrez gainera, adierazi zuen aurrera begira, besteak beste, babes ofizialeko 42 etxebizitza eraikiko dituztela Aramaion; eta horiekin batera, ehunetik gora aparkaleku, etxe horien garajeetan. Era berean, etxebizitza pribatuak eraikitzen dabiltzala gogorarazi zuen (13 etxebizitza), eta aurreratu zuen kiroldegi ondoan etxebizitza gehiago egiteko proiektua ere badagoela, baina hori ekimen pribatua litzatekeela.

Gazte lokalen auzia

Bestelako gaien artean, gazte lokalen arazoa aipatu zuen. Alkatearen esanetan, urtea bukatu baino lehen erabaki beharko dute zer egin. Edozelan ere, gaineratu zuen Udala gazteen zain dagoela, gazteek erabaki bat hartzeko zain. Izan ere, alkatearen esanetan, lehenengo gazteek erabaki beharko dute zer egin gura duten eta gero Udalari jakinarazi.

Egoera politikoaren gainean, esan zuen zaila dela integratzea Hamalauri botoak eman ziotenen ordezkariak (hiru zinegotzi lirateke) Udal-taldearekin. Dena dela, Udalean Batzorde Informatiboak daudela, eta han parte hartzeko aukera dutela gaineratu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak