Azkenean hasi dituzte Santa Ana ermitako lanak

A. Leibar 2003ko urr. 2a, 19:12
Bi urte baino gehiago itxaroten egon eta gero, azkenean, hasi dituzte Santa Ana ermitako eta parkeko hormak konpontzeko lanak. Aurrera begira, Gantzaga errekan ere antzerako lanak egingo dituzte, baina oraindik ez dute datarik zehaztu. Gasteizko Mendigorri enpresa dabil lanok egiten.

Oraingo astearen hasieran makinak ekarri eta berehala hasi dira lanean Mendigorri enpresakoak. Oraingoz, Santa Ana ermitan eta haren kanpoko parkean dabiltza, Aramaio errekaren albo bietako harri-lubetak konpontzen.

Erreka bazterrak sendotzeko

Helburua da erreka bazterrak sendotzea, zati batzuetan horma zatiak jausita zeuden-eta. Hala, Mendigorri enpresako langileek adierazi digutenez, besteak beste, burdinazko habeak sartu behar dituzte aipatutako horma horiek sendotzeko.

Lanok egiteko, hondeatzeko makina errekaraino sartu behar dute, eta langileek kontatu digute hori egiteko erreka bazterrean zegoen arbola bat handik atera behar izan dutela. Baina, arbola bota beharrean, parkearen beste leku batean landatu dutela.

Gero, Gantzagan

Santa Ana ermita inguruko lanez gain, Udalak jakinarazi digu Gantzaga errekaren bazterrean ere antzerako lanen bat egin behar dutela. Hain justu ere, Ibargoia inguruan, Lurgorri pasealekuan egin behar dute beste lan hori. Makina bat atzerapen izan ditu harri-lubetak konpontzeko proiektuak. 1999an aurkeztu zuten aurreneko aldiz, baina, zenbait arrazoik eraginda, behin baino gehiagotan atzeratu egin behar izan dute, eta orain arte ez dira hasi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak