Elkar ezagutzea, klixeen kontrako tresnarik onena

Maite Txintxurreta 2017ko mai. 11a, 16:50

Jon Maia Soria bertsolari urretxuarra etorkinen seme izateak umezaroan eta gaztaroan eragindako konplexuez eta horren bueltan bizi izandako esperientziei buruz aritu zen atzo, goraino bete zen Olaran Etxean eman zuen hitzaldian.

Eguaztenean Olaran txiki geratu zen, herritar ugari bertaratu baitziren Jon Maia Soria bertsolariaren berbaldia entzuteko. Gazteleraz izan zen saioa, eta etorkinen seme eta bertsolari bezala berak bizi izandako esperientziak kontatu zituen Maiak. “Nire ama lau urte zituela etorri zen Extremaduratik Euskal Herrira, eta aita, berriz, 19 urterekin, Zamoratik”, azaldu zuen hasieran. Biak haien gurasoekin, hau da, Jon Maiaren aiton-amonekin etorri ziren, lan bila.

Maiak azaldu zuenez, umetan zein gaztetan “konplexu” dezente izan ohi zituen, haren abizen erdaldunekin lotutakoak; “pedigri falta” ei zuen berak, “zortzi euskal abizen izatea" asko baloratzen zen ingurunean.

Guraso biak berez erdaldunak izan arren (aitak euskara ikasi zuen gau eskolatan), ikastolara bidali zuten semea, eta, hark azaldu zuenez, bertan, Zumaiko ikastolan, hasi zen bertsolaritzaz interesatzen, astean behin bertsolaritza eskola izaten baitzuten. Hala, hamabi urterekin, bertso eskolan hasi zen.

Ikastolan ikasia izanik, lagun gehienak familia euskaldunekoak zituen Maiak. Aldiz, eskola nazionalera zoazenak “besteak” ei ziren, “belarrimotzak”. Maiak azaldu zuen “bi bando” horien artean “beti gerran” ibili ohi zirela. Hala, azaldu zuen herriak zatituta egon ohi zirela, eta bakoitzak bazuen bere konplexua. Euskaldun askok, esaterako, gazteleraz ongi ez jakitearen konplexu hori zuten, “kaxerotzat” joko zituztelako. Maiak, berak, bere aldetik, ez zuen nahi jendeak bera ere belarrimotz haiekin erlazionatzea. Hortaz, “barne gatazka nahiko handiak” izan omen zituen garaiotan.

Ziklo itxiera

25 urte zituela irakurri zuen Bertol Brechten poema bat izan zen konplexu horiek alde batera uzteko "palanka". Poema horrek zioen bere lurra gogoz kontra laga behar izan duena ez dela etorkina soilik, desterratua baizik. Bere lehendabiziko Euskal Herriko txapelketan atera zen "armairutik", 8.000 ikusleren aurrean eta telebistaz zuzenean ematen ari ziren saioan azken agurra gurasoei eta abuelo eta abuelari eskainiz.

Bertso horrek eragindako erreakzioarekin konturatu zen istorio hori ez zela berea bakarrik; aldiz, tabuz beteta egon arren, milaka euskaldunen istorioa zela.

Klixeen aurka mintzatuaz bukatu zuen hitzaldia, eta aldarrikatu zuen horien aurkako erremintarik onena "elkar ezagutzea" dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak