goiena.eus

Altzarteko etxebizitzak egiteko arau subsidiarioen aldaketak behin behineko onarpena jaso du

 Antzuola

Aho batez onartu dute Altzarten hamaika etxebizitza egin ahal izateko arau subsidiarioen aldaketa puntuala apirileko ohiko osoko bilkuran. Orain, Jaurlaritzak berrikusi eta aztertu beharko du proiektua.  Eguzki, Kalebarren eta Aiherra auzoetako 105 bizilagunek aurkeztutako alegazioa aintzat hartu ez izana ere arrazoitu zuen Antzuolako Udalak.

Auzotarrek aurkeztutako alegazioa, garaje kopuruari zegokion. Hau da, hamasei egin beharrean zortzi egiteko eskatzen zuten. "Proiektuan planteatzen diren hamasei aparkalekuek legea errespetatzen dutela eta egokia dela azaldu da. Bizilagun kopuruarekiko bidezkoa dela eta interes publikoa bermatzen duela", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak. 

Bestelako informe edo txostenak ere aurkeztu dituzte eta proiektua hobetzeko aintzat hartu dituztela gaineratu du alkateak: "Proiektuan jasoko dira lur zoruaren lagapenagatik jaso beharreko ordainketa, urarekiko mantendu beharreko distantzia edo garai batean,  bertan industria jarduera egon zela, besteak beste. Hala lurraren azterketa egingo dute eta arkeologia aztarna gisara, izandako jarduera ere jasoko du txostenak". Bestalde, proiektuak albotik igarotzen den errekarekiko distantzia ere errespetatuko du eta gune berdeak ere izango ditu, besteak beste.

Mozioek desadostasuna eragin dute

Bi mozio izan ziren eztabaida sortu zutenak martitzeneko osoko bilkuran. Lehenik Itsaso-Gueñes linearen aurkako mozioak piztu zuen eztabaida. Izan ere, Antzuolako mendi lurretan 80 metroko bederatzi poste jarri gura dituzte. "Makro proiektua da eta interes publikoaren izenean aurrean dagoen dena eramaten dute. Tartean, baso, belardi eta aurrean harrapatzen duen dena eramango du. Ez dakit halako eremu magnetikoaren inguruan ganadua bertan egoteak ondoriorik eragingo ote duen. Antzuolako errealitatea aurkezten duen alegazioa prest dugu. Besteak beste, babes bereziko izendapena duten basoei eragite die-eta", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.

EAJ ez da ados azaldu EH Bilduren mozioarekin. Baina, linearen ibilbidea negoziatu beharra azaltzen duen mozio alternatiboa aurkeztu du. "Linearen ibilbideak ahalik eta inpaktu ekologiko txikiena eragin dezan negoziatu behar dela ulertzen dugu; baina linea beharrezkoa da horrelako industrializazio gunea duen lurraldearendako. Energia bermatuko duena eta batez ere, energia berriztagarriak ekarriko dituena adibidez Nafarroatik", azaldu du Luis Javier Telleria jeltzaleak.

Errauskailuaren aurkako mozioak ere eztabaida sortu zuen. "Gure eredua ingurumenarekiko adeitsuagoa da; ahalegin txikia eginda asko hobetzen da zabor kopurua. Gure eskaera da egindako ahalegina ikustea eta Debagoienean gertatu den bezala errefusa maila ia ezerezean geratu dela ikustea; %20an geratu da errefusa. Ahalegina egitea eskatzen dugu", azaldu du alkateak.

Kasu honetan ere EAJk bestelako iritzia aurkeztu du: "Batzar Orokorretan herritarrek erabaki zuten demokratikoki. Baina, egia da Debagoienean ondo egin dutela gaikako bilketa; Gipuzkoak ordea erabaki du errauskailua gura duela eta errefusa bertara joan behar dela. Hori errespetatzen dugu. Gainera, energia elektrikoa lortuko da Gipuzkoarako".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa