goiena.eus

Martxoak 8: kirola eta aldarrikapena eskutik

 Antzuola

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, aldarrikapena eta kirola izango dira Antzuolan nagusi asteon. Hala, gaur, martxoak 8, elkarretaratzea egingo da Herriko Plazan arratsaldeko zazpietan. Bertan, asteburuan zabalduko den erakusketako argazkiak proiektatuko dira. Hala, Antzuolako emakumeen askotariko ogibideak gertutik ezagutzeko aukera izango da.

Elkarretaratzearen ostean, emakumea ardatz izango duten film laburren bilduma izango da ikusgai 20:00etan.  Asteburuan ere aldarrikapena, kirola eta festa nagusituko dira herrian. Hala, martxoaren 11n, zapatua, kirolaz eta aldarrikapenaz bustiko dira herriko kaleak.

Olatu Morea

Emakumeen eskubideen aldeko lasterketa egingo da aurten ere. "Iazko Olatu Moreak harrera oso ona eduki zuen. Eta aurten ere egingo dugu. Oinez edo korrika parte hartu daiteke –4 km korrika edo 2 km oinez–; adin guztietako emakumezko zein gizonezkoak animatu daitezke. 17:00etan plazan elkartuko gara. Globoak banatuko ditugu eta bakoitzak bere globoan nahi duen mezua idazteko aukera izango du", azaldu du Kirol zinegotzi Garazi Larreak.
17:30ean hasiko da Olatu Morea herri lasterketa. Bukaeran, berriz, plazan elkartuko dira herritarrak eta aldarrikapena irakurriko dute udaletxeko balkoitik. Ondoren, herritarrek mezuekin jantzi dituzten globoak aireratuko dituzte.

Zunba saioa


Baina, zapatu goizean, 10:15ean, Zunba saioaz gozatzeko aukera izango da pilotalekuan. "Olatu Morearekin bat egiten du aurten zunba saioaren ekitaldi bereziak eta herritarrei zabaltzea pentsatu dugu", azaldu du Larreak.
Hala, zunba saioan parte hartu gura dutenek izena eman dezakete –azken eguna martxoak 8–.  Horretarako zhunbaerronka@gmail.com helbidera mezua bidali beharko da izen abizenekin  eta antzuolarra dela esanez. Ekintza doakoa da.

Emakumea protagonista

Bestalde, martxoaren 11n eta 12an,  Antzuolako emakumea lanean erakusketan bisitatzeko aukera izango da Olaranen, 18:30etik 20:30etara.  Martxoak 8ko elkarretaratzean, baina, argazki horiek eskainiko dituzte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa