Gaur irekiko da oihal gorria Torresoroan

Maider Arregi 2017ko ots. 24a, 09:49

Itxura berriarekin dotore dago Torresoroa aretoko agertokia. Eguaztenean jarri zuten oihal gorria eta gaur arratsaldeko Pailazoen emanaldiarekin zabalduko da lehenengoz. Argiteria eta agertokiko ekipamendua ere egokitu dute.

Erosoagoa eta gaur egungo antzerkira egokituta dago orain Antzuolako Torresoroa aretoa. Ekipamendu eszenikoaz, Hirigintza teknikari Valen Moñux arduratu da. "Oinarrizko eszenografia bazeukan aretoak eta orain dela zortzi urte estreinatu bazen ere, aurrerantzean posible izango da besteak beste, oihal gorria itxi eta zabaltzea. Esan dezakegu antzerkia egiteko benetako antzokia daukagula orain egokitu dugun ganbera beltzari esker", azaldu du Moñuxek. Oihal gorriak agertokian daukan garrantzia azpimarratu gura izan du: "Antzezlan batean sorpresa faktorea ezinbestekoa da. Oihala itxita dagoenean hori posible da. Garrantzitsua da ikusleak ikusten duen lehen irudia sorpresa izatea".


Ganbara beltza edo agertoki atzealdea ere berritu dute; hondo dena beltza da orain. Horrek alde batetik bestera mugitzeko aukera ematen die – ikusleek ikusi gabe– aktoreei zein teknikoei; baita agertokian bertan ezkutuan egoteko ere.
Proiektore berria ere jarri dute agertokiaren erdian; eta horri esker, aurrerantzean proiektorearen erabilera ere errazagoa izango da. Izan ere, Torresoroa erabilera anitzeko aretoa da eta batzarrak edo aurkezpenak ere egiten dira maiz.  


Bitxikeria gisa esan, Japoniatik pieza bat ere ekarri dutela.  Ikusten ez diren arren, eszenatokiaren goialdean dauden altzairuzko piezak dira eta euren funtzioa da gauzak bertan zintzilikatu ahala izatea: besteak beste, fokuak.
Argiteria ere berriztu dute eta antzezlanari edo emanaldiari egokitzea teknikoendako errazagoa izango da. Modu automatikoan egin ahalko dute; botoi batzuen laguntzarekin.


Goxoa eta gertukoa
Oso gustura daude Torresoroako lanen emaitzarekin. Jone Larrañagak azaldu du beharrezkoak ziren lanak egin direla: "Etortzen ziren aktoreak eta askotariko taldeak oso gustura egoten ziren. Denek esaten dute oso areto goxoa eta gertukoa dela. Orain, guztiz egokituta geratu da batez ere antzerkirako.  Gainera, arlo teknikoa ere orain modu automatikoagoan gidatu dezakegu botoi batzuei esker. Hala, argiteria, oihala edo soinua egokitzea errazagoa izango da edonorendako. Baita proiektorea ere. Esan behar da Goizperrek diruz lagundu duela eta posible izan dela horrelako inbertsioa egitea". Gaur edukiko dute antzuolarrek antzokiaren itxura berrituaz gozatzeko aukera gaztetxoendako arratsaldean eskainiko den pailazo emanaldiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak