Goiko trenbideko pasealekua berrirekitzeko konpromisoa hartu du Aldundiak

Maite Txintxurreta 2017ko ots. 16a, 13:42

Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua, Marisol Garmendia, Antzuolan izan da gaur goizean alkatearekin eta udal ordezkariekin bilduta. Goiko trenbideko pasealekuaz, Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorriaz edota mugikortasun plan orokorraz aritu dira berbetan.

Antzuolako udal ordezkariak zein Foru Aldundiko mugikortasun sailekoak bilera emankorra izan denaren sentsazioaz atera dira goizean udaletxetik.

Udalak eskatutako bilera izan da gaur egin dutena, eta bertan jorratutako gai nagusietako bat goiko trenbideko pasealekuarena izan da. Goiko trenbideko Iraetako tunelean harri handi bat erorita dago, eta ordutik itxita dago pasealekua puntu horretatik aurrera, Deskargako norabidean. Herritar askok aisialdirako erabiltzen duten ibilbidea izanik, bertako arazoa lehenbailehen konpondu nahi du Udalak.

Bada, gai honekiko konpromiso bat hartu du Aldundiak, eta azaro ingururako atzera ere pasealekua ireki ahal izango dutela aurreikusten dute. Horretarako, iazko otsailean Iraetako tunelean erori zen harri handia erretiratuko dute eta tunela berrindartuko dute segurtasuna bermatzeko.

Goiko trenbideaz gain, etorkizunean Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorriaz ere aritu dira. Bi herri horien arteko errepideko lanak bukatzean etorriko da baina bidegorri hori, hiru bat urte barru. Dena den, Aldundiak konpromisoa berretsi du eta esan du errepideko lanok bukatzean egingo dutela bidegorria.

Mugikortasun plana eta autobusak

Bestetik, Antzuolako Mugikortasun Plana eratzean Udalak Diputazioaren laguntza izango duela esan du Garmendiak.

Horrez gain, Antzuolako Udalak Aldundian egin zuen beste eskaera bat izan zen Bergararantz doazen autobusek gaur egun Bergaran bertan egin behar duten buelta motzagoa izatea. Dena den, Ibargaraiko geltokian egiten diharduten lanak bukatzean geraleku berri bat jarriko dute, Bergaran errotondaraino joan behar izatea saihestuko duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak