goiena.eus

41 neska-mutiko, Lokatzak antolatutako lehenengo Antzuolako Bizikleta Festan

  Kirola  Antzuola

Lehenengo Bizikleta Festa egin dute arratsaldean Antzuolan, Lokatza Ziklismo Eskolak antolatuta. 41 neska-mutikok hartu dute parte bertan eta arratsalde pasa ederra egin dute Eskolako patioan antolatutako zirkuituari bueltaka. Murias taldeko Eneko Lizarralde txirrindulari bergararra ere izan da Antzuolan, neska-mutikoekin.

Eskolako patioan zirkuitu bat egin dute Lokatzakoek eta bertan lasterketak antolatu dituzte 3 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoendako. Esandako moduan, 41 neska-mutikok hartu dute parte.

Helburua zaletasuna bultzatzea

Lokatza Ziklismo Eskola ari da jende gaztea txirrindularitzaren mundura gerturatzeko ahaleginean eta horren baitako ekimen bat da Bizikleta Festa. Bergaran dagoeneko horrelako hiru egin dituzte –datorren zapatuan, hilak 18 izango da laugarrena–, eta emaitza onak ematen ari da. Une honetan, 15 mutil daude Lokatza taldean lehiatzen. Emakumezkorik ez dago, eta hor ere ari dira ahalegina egiten: "Bergaran emakumezkoen lasterketa bat antolatzen dugu urtero eta ikastetxeetan hitzaldiak ere egiten ari gara, emakumezkoak txirrindularitzara gerturatzeko helburuarekin", adierazi du Lokatzako presidenteorde Xabier Uribesalgok. Gaur Antzuolan egindako lehenengo Bizikleta Festaren helburua, azaldu moduan, gazteak txirrindularitzara gerturatzea izan da. Elgetan ere laster egitea da asmoa.

Euskal Herrian txirrindularitza errotuta dagoen kirola da baina azken urteetan, jaitsiera igarri dute Lokatza Ziklismo Eskolan. Horrek kezka sortu zuen Eskolako kideengan eta hortik abiatuta hasi ziren Bizikleta Festak antolatzen: "Orain, Murias taldea ere hasi da ezagunago egiten, Bergaran bertan ere lau profesional ditugu eta hori ez da Europan toki askotan gertatuko, seguru", dio Xabier Uribesalgok.

Eneko Lizarralde Antzuolan

Hain zuzen ere, Murias taldeko Eneko Lizarralde bergararra izan da Antzuolan Bizikleta Festan: "Erreferentziak neska-mutikoekin harremanetan ipintzea garrantzitsua izaten da, umeei gustatzen zaie", gehitu du Uribesalgok.

Eneko Lizarralde txirrindulariak, bestetik, garrantzitsutzat jo du horrelako ekintzak egitea: "Ematen du dena futbola dela eta horrelako ekintzak beharrezkoak dira. Sekulako giroa egon da gainera Antzuolan, eta ederra izan da".

Eroriko baten ondorioz eskua apurtuta, errepidera ezin irtenda dago Lizarralde, baina ez dago geldi, entrenatzen jarraitzen baitu: "Ezinezkoa da entrenatu barik egotea. Goiz eta arratsalde ibiltzen naiz etxean arrabola egiten". Orain ondo osatzea du helburu. Sei asteko baja eman dio medikuak eta bi aste daramatza geldi: "Nere taldekideak gaur Murtzian daude, bihar Almeriako klasikoa egingo dute eta datorren astean Andaluziako itzulian egongo dira. Horiek ziren nire urteko lehenengo helburuak eta etxean egotea tokatu zait. Ea apirilerako berriz ondo nagoen". Murias taldearen gainean galdetuta adierazi du datorren urtera begira "amestutako pausua" ematea polita litzatekeela.

Datorren asten Bergaran

Datorren zapatuan, hilak 18 Bergarako seminarioko patioan egingo dute Bizikleta Festa, 17:00etan hasita. Esandako moduan, Bergaran egiten duten laugarrena izango da. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa