Nekazaritza lurren arteko distantzia malguagoa izateko araua aldatu egingo da

Maider Arregi 2017ko ots. 8a, 11:33

Atzo, martitzena, egin zuten otsaileko ohiko osoko bilkura. Besteak beste, nekazaritza lurren arau subsidiarioen aldaketa eta Diputazioak proposatutako parte hartze programaren atxikipena onartu ziren EH Bilduren eta EAJren botoei esker.

EH Bilduren eta EAJren aldeko botoei esker onartu zen nekazaritza lurren arau subsidiarioaren aldaketarako hasierako onespena. Izan ere, egun, Antzuolako baserrien arteko distantziak oso murriztaileak direla azaldu zuen EH Bilduko Ion Iturbe zinegotziak eta distantzia hori malguagoa izatea gura dutela gaineratu zuen. "Gertatu dira zenbait kasu Antzuolan non jendeak iniziatiba hartu duen abeltzaintzarako eta gero bertan behera geratu diren baserri lurren arteko distantzia araudia oso murriztailea zelako", azaldu du Ion Iturbek. Hala proiektu horiek bideratzeko, arau malguagoaren aldeko apustua egingo dute hasierako onespen hau onartuta.

Parte hartzerako bilgunea

Osoko bilkuran onartua izan zen ere Gipuzkoako Diputazioaren eta Antzuolako Udalaren arteko parte hartze programan atxikitzea. Luis Javier Telleria jeltzaleak azaldu zuen programa honen helburua foro bat sortzea dela eta Diputazioaren eta udalen arteko bitartekari lanak erraztea eta arintzea. "Bilgune bat, topaleku bat sortzea da funtsa. Izan ere, Gipuzkoako udaletxe askotako zinegotziak une oro Aldundira joaten dira harremanak sortu nahian edo herrietarako askotariko proiektuen gaineko diru laguntzak lortu guran. Modu horretan eta harremanetarako bilgune bat sortuz gero, bidaiak murriztu eta arinduko lirateke harremanak sortuz".

Beñardo Kortabarriak parte-hartzea EH Bilduren oinarri nagusiena dela gogorarazi zuen."Parte hartzea da EH Bilduren oinarri nagusienetako bat. Herriarendako herriarekin gobernatzen dugu; berez, ondo iruditzen zaigu denondako antzerakoa izango den Gipuzkoa mailako marko bat”, dio Antzuolako alkateak. Baina gaineratu zuen goitik behera etorritako ekimena zela eta EH Bilduk onartu zuen arren, kritiko azaldu zen: "Iruditzen zaigu goitik behera etorri den zerbait dela. Azken unera arte udalekin ez da asko kontatu. Praktikan gainera, parte hartzearen gaineko diru laguntzak beheraka joan direla ere ohartu gara".

Ideia interesgarria izan daitekeela dioten arren, oraindik zehaztu gabeko ekimena dela azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak