Antzuolak 1.075 emakumezko eta 1.085 gizonezko ditu erroldatuta. Guztira, 2.160 biztanlerekin hasi du urtea –2016. urtea, 2.177 biztanlerekin hasi zuen–. "Iaztik hona ez dago gorabehera handirik; 17 gutxiago bizi gara. Egia da orain urte batzuk biztanleriari dagokionez boom bat egon zela. Etxebizitzak garesti zeudenean jende asko etorri zen Antzuolara bizitzera inguruko herrietatik. Baina orain horiek ere joan dira eta egonkortu egin da biztanleria", dio Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.
Jaiotzei dagokienez, 15 haur jaio ziren 2016an eta 27 herritar hil ziren. "Biztanleria finkatuta dago; jaio eta hiltzen direnen kopuruaren araberakoa da egun Antzuolako errolda. Baina kopurua haztea ere ondo egongo litzakeela uste dut. Egoera ekonomikoa ez da txarra eta herriko enpresak ere ondo daude".