Gabonetako otorduei aurre egiteko lasterketa jendetsua

Xabi Gorostidi 2016ko abe. 27a, 10:01

Atzo, martitzena, bigarren aldiz egin zuten Antzuolako San Esteban krosa. Haur, gaztetxo eta helduen kategoriatan banatuta 200 parte hartzaile inguru aritu ziren, eta ibilbideko bazter guztietan herritarrak korrikalariak animatzen aritu zen. Helduen kategorian Nerea Baena eta Xabier Luis Urzelai izan ziren azkarrenak.

Giro aparta eta parte hartzaile ugari izan ziren atzo Antzuolan, San Esteban krosaren bigarren edizioan. Iazkoak izandako harrera ona ikusirik, Antzuolako Udaleko Kirol sailak bigarrenez antolatu du lasterketa herrikoia, eta korrikalari zein ikusleek ez dute hutsik egin.

5 eta 8 urteko haurren lasterketak zabaldu zuen aurtengo edizioa. Ibilbide laburrena egin arren, denak emanda heldu ziren Herriko Plazako helmugara eta ondoren domina jaso zuten parte hartzaile guztiek. Gazteek hartu zieten testigua ondoren. Adinaren arabera distantzia handiagoak egin behar zituzten, baina lehia sanoan aritu ziren eta hauek ere dominatxoa jaso zuten korrika egiteagatik.

Ondoren heldu zen nagusien txanda. Herria goitik behera zeharkatzen zuen 2,5 kilometroko ibilbideari bi bira eman behar zizkioten. Tartean, Ondarre, Antiguako ermita, Eskola, Sagasti, Kale Barren edo Beheko auzotik igaro ziren korrikalariak. Era askotara egin zuten lasterketa atzoko partaideak, banaka, binaka eta txakurrarekin, koadrilaka edo jaietako alkandorak soinean jantzita ere.

Helduen mailan Xabier Luis Urzelai eta Nerea Baena izan ziren azkarrenak. Urzelai oñatiarrak 15:50 segundo behar izan zituen lasterketa osatzeko eta Baena arrasatearrak iazko garaipena errepikatzea lortu zuen, erlojua 19:04 segundotan geldituta.

Gizonezko mailan Aimar Larrea eta Markel Familiar izan ziren bigarren eta hirugarren sailkatuak, eta emakumezkotan, aldiz, Ainhoa Unanue eta Ainize Lizarralde, hurrenez hurren.

Denborak denbora eta markak marka, lasterketa herrikoiaren bigarren edizioan bizitako giro atsegina nabarmendu zuten bi irabazleek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak