Antzuolako jaiak 2016

Mairuaren Alardea, urtero bezain jendetsu eta hunkigarri

Maider Arregi 2016ko uzt. 18a, 17:02

Atzo Larrain dantzarekin eta Hontzaren Igoerarekin agur esan zieten antzuolarrek herriko jai nagusiei. Jendetza ibili da asteburuan eguraldi paregabea lagun edukita. Ekitaldi jendetsuena eta hunkigarriena, urtero legez, zapatuko Mairuaren Alardea izan zen.

Bukatu dira Antzuolako jaiak. Lau egunetan, umeendako jolasak, musika, herri bazkaria, antzezlana…. eta bestelakorik ez dira falta izan. Mairuaren Alardea izan da ekitaldi jendetsuena.

Joseba Iparragirre, 17. urtez

Jaietako ekintza nagusia eta hunkigarriena da Alardea. Herritarren %10ak hartu zuen parte ikuskizunean eta horien artean, hamazazpigarren urtez, Joseba Iparragirrek burutu zuen alardeko paper nagusietako bat, buruzagiaren papera. Urtero moduan, jendez lepo bete zen Herriko Plaza.

Txanpinoi txapelketa eta kuadrillen arteko jokoak

Bariku eguerdian baina, fin-fin ikusi genituen herritarrak gastronomia txapelketan. Aurtengoan, hamaika talde aritu dira txanpiñoirik onenak prestatzen

Aurten lehenengoz baina, kuadrillen arteko jokoak egin dituzte. Bederatzi neska-mutil kuadrillek parte hartu zuten eta pike sanoren bat edo beste ere izan zen euren artean.

Atzo amaitu ziren aurtengoak

Atzo, Larrain dantzarekin eta hontzaren igoerarekin,  amaitu ziren Antzuolako festak.  Arratsaldean herritar ugari gerturatu zen plazara Korte dantza ikusteko. Giroa berotu ostean,  Oinarin dantza taldean antolatuta Larrain dantza egin zuten. Ume, gazte zein helduk egin zuen  dantzan. Gaurko Debagoiena Zuzenean saioan, Antzuolako jaiek eman duten guzti-guztia ikusgai izango duzue arratsaldeko zortzietan hasita.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak