Antzuolako jaiak 2016

Umeek ere dibertsiorako aukera izango dute Antzuolako jaietan

Imanol Beloki Unamuno 2016ko uzt. 8a, 11:13
Iaz, Herriko Plazan egindako umeen ikuskizunean koreografia ezberdinetako hainbat dantza ikusteko aukera izan zen. | Aitor Agiriano

Antzuolako jaiak ate-joka daude, eta herriko gaztetxoak dagoeneko oporrak hartuta gogotsu egongo dira jaietan murgiltzeko. Aurten ere eskaintza zabala izango dute, eta egunero ekintza ugari prestatu dira beraientzat.

aiak hasteko, uztailaren 14an, urtero egin ohi den moduan, alkateak eta alkate txikiek pregoia irakurri eta txupinazoa botako dute, baina azken hauek nortzuk izango diren sorpresa izango da azken momentura arte. Ondoren, umeen ikuskizuna izango da plazan, 12:30ean, eta aukera aparta izango dute gurasoek beraien seme-alabak dantzan ikusteko, eta, nola ez, gaztetxoek ere disfrutatuko dute oholtzan.

Udalekuetan ari diren hamalau talde igoko dira taula gainera, eta dantzak egingo dituzte. Gainera, "iaz seigarren mailan ari ziren gaztetxoek azken urtez egin zuten dantza plazan, eta aurten ere gogotsu daude ikuskizuna eskaintzeko. Hala eta guztiz, konfirmatu gabe dago parte hartuko duten edo ez", adierazi du Jone Larrañaga kultura teknikariak.

Ikuskizuna amaitzean, 13:30ean herri bazkaria izango dute gaztetxoek eskolako patioan. Pausoka Guraso Elkartearen eskutik udalekuetan ari diren gazte guztiak eta DBH bigarren mailara arteko guztiak gonbidatuta daude bertara.

Arratsaldean, berriz, indarrak berreskuratuta, txistulari, trikitilari eta buruhandiekin kalejira egingo dute. "Haurren eskaera nagusia buruhandiak egun gehiagotan izatea da, eta disfrutatzen duten ekintza izan ohi da".

Jolas parkean atrakzio berriak

Uztailaren 15ean jolas-parkea izango da eskolako patioan, gerizpean. 11:30etatik 13:30etara izango da irekita, eta bertan askotariko jokoak izango dituzte, puzgarri ezberdinak… Gainera, aurten, hiru atrakzio berri izango dira. "Humor Amarillo programaren tankerako jokoa izango da. Haurrei zuzenduta dagoen arren, helduek ere parte hartu ahal izango dute".

Zapatuan, berriz, marrazki lehiaketa egingo da 12:00etan, Herriko Plazan, Xinkonaren eskutik. "Alaitz Jauregik proposatutako lehiaketak balorazio oso ona izan zuen, eta aurten ere egingo da. Gainera, marrazki guztiak Bustinzuriko aldapan eskegiko dira herritarrek ikus ditzaten".

Umeentzako oso gustukoa den beste hitzordu nagusi bat zezensuzkoa da. Aurten, ordua aurreratu da, eta 22:00etan izango da, plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak