Oinezkoen plana onartzean ezingo da Herriko Plazan aparkatu

Maider Arregi 2015ko urt. 27a, 12:39

Antzuolako Udalak, herri barruan egingo duen oinezkoen plana lehenbailehen jarri nahi du martxan. 12.000 euro bideratuko ditu horretarako. Zirkulazioan eragina izango du eta aldaketa ugari izango dira herrian; aparkalekuei dagokienez ere aldaketak egongo dira; hala, oinezkoen plana abian jartzen den egunetik aurrera ezingo da Herriko Plazan aparkatu.

Herritarren iritziak batu ostean, oinezkoen plana ia definitua dauka Antzuolako Udalak. Hala, zirkulazioak izango dituen aldaketen artean, nagusienak dira Buztinzuriko bidea, eskola parean dagoena, eta pilotalekurako bidea itxi egingo dituztela ibilgailuendako.

Pilotaleku aurreko zati bat ere itxiko da. Baina, Olaranetik elizarako bideak bi noranzko izango ditu, eta eliza atzealdeko aparkalekua erabili ahalko da. Asteburuan elizara joan nahi duenak esaterako, hor aparkatu dezakete eta elizako atzeko sarreratik sartu. Izan ere, asteburuetan, zapatu eguerditik astelehen goizera, Kalebarrenetik gora ezingo dute ibilgailuek joan; ezta Lizarragatik etorri eta Mañarietatik Kalebarrengo zubira pasatu ere. Etxe Zuri parean dagoen irteeraren norabidea, Eguzki auzotik pasatzen dena, aldatu egingo da. Sartzeko soilik izango da. Izan ere, asteburutan Kalebarren osoa itxita egongo da.

Oinezkoen plana abian jartzean herriko plazan ezingo da aparkatu; zama lanetarako 30 minutu izango dira; Buztinzurin ere zamalanetarako gunea prestatuko dute piboteen bidez. Oraindik zehazteko dago ordea Ondarrera joateko zein aldaketa egingo den. Aukeren artean, Herriko Plazatik gora ezkerretara hartzea dago. Hau dena baina proba moduan. Aldaketak egiteko aukerak zabalik egongo dira behin martxan jarrita. Udalak, batzordetik pasa ostean martxan jarri gura du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak