Goiuri Azkarateaskasua: "EAEko ikasle onenen artean egotea sorpresa handia izan da niretzako"

Maider Arregi 2014ko api. 29a, 12:28
Aste Santuko oporrak aprobetxatuz, Bartzelonatik etxera etorri da Goiuri Azkarateaskasua. Antzuolarrak 19 urte ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko batxilergoko hamabost ikasle onenen artean dago. Orain, baina, saria jaso berri du.

Espero zenuen?

Ez. Oso pozik nago. Sorpresa handia izan da niretzako, ez nuen inondik inora espero. Irakasleak komentatu zidan eta animatu egin ninduen azterketa egitera.

Nolako proba izan zen?

Hiru azterketa izan ziren: euskarazkoa, ingelesezkoa eta ikus-entzunezkoa. Nire esparrua ikus-entzunezkoa da, eta komiki baten iruzkina egin behar izan nuen; baita honen jarraipena ere.

Azterketa hau egiteko prestaketa berezirik egin zenuen?

Ez; iaz selektibitatea bukatu ostean aurkeztu nintzen eta ez nuen aparteko prestaketarik egin. Egia esan, nekatuta nengoen, baina ez neukanez ezer galtzeko aurkeztu nintzen. Ez nengoen urduri, ez zegoen ezer ikasteko.

Udan Torontora joango zara.

Bai, hiru astez, ingelesa ikastera. Horixe izan baita eman berri didaten saria. Kanadara joango naiz uztailean. Urtebete egon naiz bidaia hau antolatzen eta prestatzen.

Holako sari bat jasotzea motibagarria izango da, ezta?

Bai! Gainera, aitak komentatu zidan 700 lagun inguru aurkeztu zirela probara, eta 15 onenen artean egotea pozgarria da.

Orain Bartzelonan zaude ikasten.

Arte Ederrak ikasi nahi nituela garbi neukan. Marrazketa egitea asko gustatzen zait. Arrasateko Institutuan Arte Batxilergoko ikasketak egin ditut eta urteak neramatzan esanez Arte Ederrak ikasi nahi nituela.

Etorkizunean ere marrazketan, margolari gisa ikusten duzu zure burua?

Ez dakit, ez da arlorik errazena. Orain hasi berria naiz, eta gero gerokoak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak