Danbor hotsek emango diete festei hasiera egubakoitzean

Maider Arregi 2012ko eka. 20a, 12:53

Aurten Kalebarrengo eta Uzarraga auzoko San Juan jaiak batera tokatu dira. Festa bikoitza beraz antzuolarrei datorkiena.  Hala, egubakoitz arratsaldean, iaz errekuperatu zuten danborrada kalera aterako dute gaztetxoek. Danborradan 30 ume inguru izango dira. 5 urtetik hasi eta 3. mailara arteko umeek astinduko dute danborra. 

"Danborrada aurreko urtean lehen aldiz egin genuen, garai baten beti egiten zelako eta ohitura hori berreskuratu nahi genuen. Gure garaian egiten zen danborrada eta guretako oso pozgarria izaten zen parte-hartzea. Horregatik erabaki genuen polita izango zela. Gainera umeendako holako ekintza bat antolatzeak jende asko erakartzen du jaietara. Gurasoak ere oso ilusionatuta egoten dira", azaldu digu Maddi Elorza Kultura zinegotziak eta Kalebarren jaietako antolatzaileak.

Baina jai hauetan egitarauan ezinbesteko bilakatu den beste ekintza arrakastatsua da asto karrerarena. "Zalantzagabe egubakoitzean hanburgesak, danborrada, mus txapelketa eta asto karrera dira azpimarratu beharrekoak".

Sagar-dantza, tradizioa

Sagar-dantza Kalebarrengo jaietan egingo da, aurten sanjoanetan egingo da. "Antzuolar denondako oso inportantea den ekintza da. tradizio handia dauka herrian eta adin guztietako jendeak parte-hartzen du. Urte asko dira Kalebarrengo jaiak antolatzen direla, eta sekula galdu ez den ekintza bat da", dio Elorzak. Musika taldeak kantuak joaz bikoteak bekokian sagarra hartu eta dantza egin behar dute. "Dantza egiteaz gain probak ere egin beharra edukitzen dituzte: bankura igo sagarra bekokian daramatela eta eskuak atzean dauzkatela, makurtu, musikaren erritmora dantza egin...".

Sagar-dantza, zapatuan, 00:00etan egingo da. "Kalebarrengo jaiak garrantzitsuak dira Antzuolan. Herritarrentzat jai erreferenteak direla esan daiteke, nahiz eta beste herri askotan be San Juanak eta San Pedroak ospatu. Jai xumeak dira ez dagoelako aurrekontu haundiegirik baina oso giro polita egoten da. Kalebarrengo jaiak herritar denon jaiak dira, eta denon beharra egoten da jaiak aurrera etaratzeko; laguntza hori ere eskertu gura genuke", nabarmendu digu Elorzak.

San Juan sua

Zapatuan, San Juan bezperan, Uzarraga auzoan arbola jasoko dute arratsaldeko zazpietan auzotarrek.
Arratsaldeko zortzietan aldiz, herriko plazan, arbola jasoko dute eta, Oinarin dantza taldearen saioaz gozatzeko aukera izango da. Arbolaren bueltan egingo dute dantza saioa eta ondoren San Juan sua piztuko dute plazan bertan.

Egitaraua

  • Kalebarrengo jaiak:

Ekainak 22, egubakoitza: Danborrada eta erromeria

  • Ekaina 23, zapatua:

Besteak beste:

12:00 Gimkana. Arbola jasotzea

24:00 Sagar dantza

  • Ekaina 24, domeka:

10:00 Txistularien diana herrian zehar

12:30 Oinarinen dantza saioa

19:00 Potxin eta Patxin pailazoen saioa Zurrategin

  • Ekaina 23, zapatua:

19:00 Uzarragan: San Juan arbola jasotzea

20:00 Herriko plazan: Arbola jasotzea, Oinarin dantza taldearen saioa eta sua

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak