Alardea Ondare Immaterial izendatzeko urratsak hasi ditu elkarteak

Maider Arregi 2012ko mai. 15a, 17:17

Herritarren aurrean aurkeztu zituzten astelehenean Mairuaren Alardearen elkarteak martxoan jasotako inkesten emaitzak. "Lagin dezentea izan dugu, 268 pertsonakoa, eta emaitzekin eta ekarpenekin oso gustura gaude", azaldu digu Xabier Legorburu Mairuaren alardearen elkarteko presidenteak. Jendeak atxikimendua eman dio Alardeari eta inkesten emaitzei erreparatuta, sorpresa ere izan dutela kontatu digu Legorburuk: "Antzuolara bizitzera etorritako kanpotarrek ere atxikimendua eman diote Alardeari".

Guztira, inkesta egin duten %87ak eman dio atxikimendua Alardeari. "Herritarrek zein kanpokoek parte-hartzeko nahia azaldu digute eta hori oso albiste pozgarria da eta beharrezkoa Alardeak biziraun dezan". Alarde berriari, aldiz, hamarretik zortzi puntu eman dizkiote inkestan parte hartu dutenek.

Baina bada, kezka bat. "Herritar askok ezagutzen dutela esan arren, zalantzazko eta okerreko iritzi ugari sumatzen da Alardean zer ospatzen den adierazteko orduan", dio Legorburuk.

Udalarekin hitzarmena

Udalarekin sinatu berri duten hitzarmena, garrantzitsua dela azpimarratu zuen Maddi Elorza, Udaleko Kultura zinegotziak: "Jaia indartzea herrian eta herritarren artean; belaunaldiz belaunaldi  transmititzea eta Udalarekin abiatutako elkarlanarekin, elkarteari egonkortasuna ematea eta jaiari ofizialtasuna ematea dira helburuak".

Urratsez urrats

Mairuaren Alardearen elkartea, era formalean, 2004an sortu zen. "Elkartea sortzea, garrantzitsua zela uste genuen herritarrak eta herriak parte hartzeko", azaldu zuen prentsaurrekoan Iñigo Ramirez de Okariz elkarteko kideak. 2006an, Eusko Ikaskuntzak, Udalak eta Alardearen Elkarteak Alardearen azterketa historiko eta soziokulturala abian jartzeko hitzarmena sinatu zuten. Hala, Alardearen inguruko mintegiak eta ikerketak hasi zituzten eta 2008an, Alardea Zaharberritzeko taldearen osaketa eta hausnarketa prozesua zabaldu zuten. 2009an, emaitza ikusi genuen: Zaharberritutako lehen Alardea, alegia.

"Baina ez gara geldirik egon harrezkero, lanean jarraitu dugu", azaldu du Ramirez de Okarizek. Eta 2012an, alardea sozializatzeko eta gizarteratzeko lana egin dute:

Kaleko inkesta, Antzuolako Udalarekin hitzarmena sinatu eta Alardea Ondare Immaterial  izendatzeko prozesuari ekin Foru Aldundiarekin harremanetan jarrita. "Alardeari izendapen ofiziala eman nahi diogu. Foru Aldundiarekin harremanetan hasi gara Ondare Immaterial  izendatzeko", adierazi zuen.

Erronkak

  • Eratuta dagoena finkatzea.
  • Alardea errotuta ez dagoenen artean (%12), pedagogia gehiago egitea.
  • Herritarren parte-hartze zabalagoa lortzea.
  • Egindakoa (edo orain artekoa) sozializatzeko, komunikazioa hobetu eta informazioa zabaldu.

Parte hartzeko deia

Elkarteak ateak zabalik ditu Alardean parte hartu gura duten ororendako. Horretarako, alardea@antzuola.net helbidera mezua idatzi beharko dute interesdunek, edo 943766246 telefonora deitu. Elkarteak bihar San Isidro azokaren harira, Alardearen gaineko panel informatiboak jarriko ditu herriko plazan. Etxez etxe ere banatuko dituzte euskarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak