Atez atekoaren emaitzak faltsutzea egotzi dio PSE-EEk Bilduri

Goiatz Arana Begiristain 2012ko api. 16a, 16:07

Carlos Urrestarazu zinegotzi sozialistak esan du ez dela egia atez atekoarekin %80 birziklatzen dela, "bosgarren edukiontzia moduan hondakinak batzeko sistema bat delako eta, beraz, batarekin zein bestearekin %0 birziklatzen delako". PSE-EEko kidearen esanetan, "atez atekoarekin batutako materia organikoaren %25ak ez du balio tratamendu-plantetan; aldiz, portzentaje hori bost aldiz baxuagoa da –%5ekoa– bilketa bosgarren edukiontziaren bitartez egiten den kasuetan".

"Materia organikoaren %80 batzen da atez atekoarekin, baina zenbatek balio du birziklatzeko?", hor dago gakoa Carlos Urrestarazuren iritziz. "Hori kontuan izanik batetik, eta atez atekoa zikina, garestia, osasunerako kaltegarria eta deserosoa dela kontuan izanik bestetik, nahiago dugu edukiontzi sistema garbiagoa, ekonomikoagoa, jasangarriagoa eta estetikoagoa delako", adierazi du.

Zinegotzi sozialistak "zentzuz" jokatzea eskatu du eta birziklatzea gure kultura hiritarraren parte izatea lortu behar dugula gaineratu. Zentzu horretan, azaldu du ez duela onartuko herritarren birziklatze-kontzientzia zalantzan jartzea, Gipuzkoan urteak daramatzagula birziklatzen eta "emaitzak gero eta hobeak" direla argudiatuz: "%43ko birziklatze-tasarekin, Gipuzkoa da gehien birziklatzen den lurraldeetako bat. Aurreko bi legealdietan, gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza zuten alderdi politikoek hondakinen arazo larriari irtenbide integrala ematen zion testu bat adostu zuten".

"EAJren babesarekin, Bilduk agintea duen Gipuzkoako herrietan plangintza integrala geldiaraztea erabaki du eta, ondorioz, hondakinak Euskaditik kanpo eramatera behartzen gaitu, horrek suposatzen dituen gastu ekonomikoarekin eta ingurumen kostuarekin. Gipuzkoatik Bizkaia, Iparraldea, Segovia, Soria eta Burgosera 31.000 tona zaborra bidaltzeak 2.270.000 euroko kostua du gipuzkoarrontzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak