Urtarrilean jarri zen martxan ekimen hau. "Aurrez, Errege bispera egunean izan ginen eta gaixoei soinuaren doinuek sorrarazten zietena ikusteak harritu egin gintuen. Barru barrura sartzen zaie doinua eta emaitzak oso positiboak direla konprobatu da", gaineratu digute gazte antzuolarrek.
"Esperientzia hunkigarria da; hasieran barre egin genuen, urduritasunagatik; baina, benetan tristea da, inpaktu handikoa. Asko irakatsi digute gaixoek eta zer pentsarazi digute", gaineratu dute gaztetxoek. "Batzuk hasieran beldurtuta zeuden, baina gero soinuaren doinuarekin askatzen hasi dira".
"Baztertuta daude eta zerbait egin behar da laguntzeko; guri ez zaigu ezer kostatzen eta asko egin dezakegu haiengatik; oso gogorra da jendea, gazteak horrela ikustea. Baina ondo pasatzen dabiltzala ikusteak, eta adierazten duten esker onagatik soilik, merezi du gure ahaleginak", azaldu digute.
San Juan de Dios eta Aita Meni Ospitaletik eskaera egin zioten Osasun Pastoraltzari. "Horren gertu izanda, pixka bat alboratuta geneuzkala konturatu ginen: hala, antzuolar talde batekin elkartu eta zer egin erabaki genuen", azaldu digu Pastoraleko kide den Juanita Zabalok.
Hala, lehengo Antzuolako eta Bergarako pastoraltzakoak, talde berriekin batu dira elkarlanean. "Hamabostean behin taldeak txandatzen dira. Guztira lau taldek hartzen du parte bisitetan. Asmoa da talde berdinak mantentzea beti, hala, gaixoekin hartu-eman sendoagoa eta konfiantzazkoa lortzeko.
"Izenak, nongoak diren, bakoitzaren istorioa zein den… beti gaixo berdinak direnez, bisitan doazen gazteek badakite nortzuk diren; elkar ezagutzen dute konfiantza sortuz. Hauen poza eta ezagutza kanalizatzea eta transmititzea oso garrantzitsua da", azaldu digu Zabalok. Aita Meniko gaixoei poztasuna eman nahi dieten orok, ateak irekita dituela gaineratu digu.