"Barruraino sartzen zaie soinuaren doinua gaixoei"

Maider Arregi 2012ko mar. 27a, 16:51

Antzuolako gazte talde bat hamabostean behin Aita Meniko gaixoengana joaten da. Osasun Pastoraltzak, bultzatutako ekimena da; sekulako esperientzia bizitzen dihardutela kontatu digute gazteek. Bisita taldeak, 13-17 urte bitarteko gazteez eta aurre-jubilatutako taldeek –60 urte bueltakoak –osatzen dituzte. Txandatu egiten direla esan digute.

Urtarrilean jarri zen martxan ekimen hau. "Aurrez, Errege bispera egunean izan ginen eta gaixoei soinuaren doinuek sorrarazten zietena ikusteak harritu egin gintuen. Barru barrura sartzen zaie doinua eta emaitzak oso positiboak direla konprobatu da", gaineratu digute gazte antzuolarrek.

"Esperientzia hunkigarria da; hasieran barre egin genuen, urduritasunagatik; baina, benetan tristea da, inpaktu handikoa. Asko irakatsi digute gaixoek eta zer pentsarazi digute", gaineratu dute gaztetxoek. "Batzuk hasieran beldurtuta zeuden, baina gero soinuaren doinuarekin askatzen hasi dira".

"Baztertuta daude eta zerbait egin behar da laguntzeko; guri ez zaigu ezer kostatzen eta asko egin dezakegu haiengatik; oso gogorra da jendea, gazteak horrela ikustea. Baina ondo pasatzen dabiltzala ikusteak, eta adierazten duten esker onagatik soilik, merezi du gure ahaleginak", azaldu digute.

San Juan de Dios eta Aita Meni Ospitaletik eskaera egin zioten Osasun Pastoraltzari. "Horren gertu izanda, pixka bat alboratuta geneuzkala konturatu ginen: hala, antzuolar talde batekin elkartu eta zer egin erabaki genuen", azaldu digu Pastoraleko kide den Juanita Zabalok.

Hala, lehengo Antzuolako eta Bergarako pastoraltzakoak, talde berriekin batu dira elkarlanean. "Hamabostean behin taldeak txandatzen dira. Guztira lau taldek hartzen du parte bisitetan. Asmoa da talde berdinak mantentzea beti, hala, gaixoekin hartu-eman sendoagoa eta konfiantzazkoa lortzeko.

"Izenak, nongoak diren, bakoitzaren istorioa zein den… beti gaixo berdinak direnez, bisitan doazen gazteek badakite nortzuk diren; elkar ezagutzen dute konfiantza sortuz. Hauen poza eta ezagutza kanalizatzea eta transmititzea oso garrantzitsua da", azaldu digu Zabalok. Aita Meniko gaixoei poztasuna eman nahi dieten orok, ateak irekita dituela gaineratu digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak