Atez atekoa: Antzuolaren ostean, Oñati eta Bergara

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko urr. 28a, 17:15

Gaur goizean Antzuolako esperientziaren berri jasotzen izan dira Arrasate eta Oñatiko udaleko ordezkariak eta baita Urretxuko Zero Zaborrekoak ere. Eta horixe esan digu Josu Pereda Arrasateko Ingurumen zinegotziak; atez ateko sistema ezartzen hurrengoak Bergara edo Oñati izango direla baina horretarako gutxienez urte eta erdi itxaron beharko dugula gaineratu du.

Debagoienean atez ateko hondakin bilketa sistemaren esperientziak, Antzuolakoak, baditu ia zortzi hilabete, eta inguruko herrien arreta pizten jarraitzen du: Urretxuko Zero Zabor plataformakoak eta Oñatiko eta Arrasateko udaletako ordezkariak  Antzuolako esperientzia ezagutzen izan dira gaur goizean.

Sistema berria ezarri aurretik jarraitu zituzten pausoak ezagutu eta izan dituzten arazoen berri jaso dute bertaratutakoek akats horiek hurrengo herrietan ekidin ahal izateko.

Oñatikoak aztertzen: zintzilikarioak jarri edo sistema hobetu

Mankomunitate berriak atez atekoa bultzatzen du eta Oñatiko Udalak sistema hori ezartzea argi duen arren, aztertzen dabiltza zintzilikarioen sistema erabili edo sistema hori hobetu.

Hurrengoa: Bergara edo Oñati

Arrasateko Ingurumen zinegotziak, bestalde, esan digu Bergara edo Oñati izango direla sistema ezartzen hurrengoak, baina horretarako gutxienez urte eta erdi itxaron beharko dugula. Izan ere, Epelen konpostaje gune bat egin beharko dute inguruko hondakinak bertara eramateko eta espero dute horrek urte eta erdi inguru iraungo duela eta hori egin artean ezin izango da inon ezarri hondakinak nora eraman ez delako egongo.

Diputaziotik Mankomunitateari jakinarazi diote 2.000 konpostagailu daudela Debagoienerako gertu eta 2-3 hilabeteko epean hemen izango ditugula.

Antzuolan bigarren fasearekin

Momentuz,Antzuolako Udalaren datuen arabera, hondakinen %92 birziklatzera iritsi dira. Lehenengo fasearen ostean, baina, bigarrenari ekingo diote datorren astean. Bigarren fase horretan, lantokiak eta enpresak hasi beharko dira atez ateko sistemarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak