Kaleko zakarrontziak, hondakinak gaika biltzeko moduan

Usoa Agirre 2011ko api. 11a, 13:07

Orain arte herrian izan ditugun zakarrontziak gaikako koloreekin margotu multzoka jarri eta kaleko hondakinak gaika jasotzeko berrerabiliko dituzte. Jendea pilatzen den puntuetan jarriko dituzte zakarrontziak launaka eta Aste Santurako denak jarrita egongo dira.

Mankomunitateak azpimarratu nahi izan du, "lehengo zaborrontzi guztiak bota eta berriak erosi beharrean, jarrita zeudenak berritu eta berrerabiliko" dituztela.

Modu honetan, Europako Batasunaren arabera hondakinak kudeatzeko jarraitu beharreko hierarkiarekin bat egiten du Antzuolak:

  1. Murrizketa
  2. Berrerabilpena
  3. Birziklapena
  4. Errausketa
  5. Zabortegia

"Atez atekoarekin birziklapenari ematen badiogu garrantzi handiena, eman behar dugun ondorengo urrats honek, berriz, berrerabilpena du ardatz, hau da, onartutako hierarkian hobeto kokatzen gara," dio Mankomunitatetik bidalitako oharrak.

Jendea pilatzen den puntuetan

Lehengo 140 zaborrontzietatik, berritu eta margotu ondoren, 92 aprobetxatuko dituzte eta launaka jarriko dira herriko 23 puntutan banatuta. Puntuak kokatzeko orduan, auzo bakoitzean puntu bat gutxienez egotea eta jendea pilatzen den lekuetan puntu baten presentzia izatea nahi izan dute, horretarako umeen parkeak, gazteen ohiturak, eta abar, kontutan izan dituzte.

Mankomunitateko arduradunek espero dute apirila hasieran jartzen hasi eta Aste Santurako denak jarrita egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak