Miren Galdos: "Erditu duten emakume guztiek izan ditzakete epe luzera arazoak"

Usoa Agirre 2011ko mar. 5a, 01:00

Miren Galdos oñatiarrak erditze osteko gimnasiak emango ditu Antzuolan. Harekin izan gara emakumeek erditze ostean izaten dituzten arazoen gainean berbetan.

Zer lortu nahi da erditze osteko gimnasiarekin?
Helburu garrantzitsuena da heziketa eta emakumea normalizaziora bueltatzea. Erditze osteko gimnasia bloketan banatzen dut: kaltetuta suertatu diren alde horien ezagutza eta ariketen ikasketa dago lehenengo blokean; eta bigarrenean ariketa horien entrenamendua eta emakumearen gorputzaren egokitzapen orokorra daude, lehengora bueltatu ahal izateko. Erditu ostean gehien kaltetzen direnak dira perineoa, abdomena, eta bizkarra eta beste gihar batzuk.

Zelako ariketak izaten dira?
Perineoa eta pelbiseko bizerak lantzeko gimnasia abdominal hipopresiboa egiten da. Horrek hobetuko du estatika eta abdomenaren errekuperazioa. Ez da abdominal klasikoa; arnasketa eta apneak egiten dira eta jarrera bereziak ditu. Ezberdina da, baina ez da gauza zaila. Hori osatzen dugu bizkarreko luzaketekin.

Edozein emakumerendako onuragarri izango dira ariketak, ezta?
Emakume guztioi datorkigu ondo gimnasia hau. Gure organoek beti dute behera erortzeko tendentzia eta hori saihesteko egokiak dira ariketa hauek.

Ez bada prebentzio lan hori egiten, zer kalte sor daitezke?
Organoen behera erortzea eta inkontinentzia sor ditzake, eta abdomena ondo ez egoteak estetikoki ez ezik egonkortasun arazoak ere eragin ditzake.

Zure eskoletan bakarrik ez, ariketak etxean ere egin beharko dira.
Sei hilabetez egin beharko dute lana egunero-egunero. Gimnasiora etortzea oso ondo dago, baina gero etxean lana egin behar da. Denbora hori pasatakoan bakoitzaren egoera ikusiko dugu eta horren arabera plana alda daiteke. Erditu duten emakume guztiek izan ditzakete epe luzera arazoak eta horregatik garrantzitsua da prebentzioa. Ez da normala, adibidez, 35 urteko emakume batek gernu-isuriak izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak