Atez atekoa: zehaztu dute hondakinak zein egunetan atera

Irati Goitia 2011ko ots. 22a, 15:13

Atez ateko sistema ezartzeko eguna gero eta gertuago dago, eta Antzuolan dena prestatzen dabiltza. Horrela, adibidez, hondakin bakoitza noiz atera behar den dagoeneko zehaztu dute, gaur ekingo diote zintzilikario guneak jartzeari eta hurrengo astelehenean hasiko dira kuboak banatzen.

Partehartzearen balorazio baikorra

Atez ateko sistemaren gaineko bilera egin zuten atzo Antzuolan eta bertan jendearen partehartzearen balorazio baikorra egin zuten Udal ordezkariek. Horrela, zehaztu dute 18 urtetik gorako herritarren %30ek hartu duela atez ateko prozesuan parte eta 525 lagunek bileretan.

Jendeak izan duen jarrera aktiboa ere eskertu nahi izan zuten Udal ordezkariek eta herritarren ekarpenek gauzak hobetzeko balio izan dutela esan zuten; adibidez, zintzilikario guneetan 30 aldaketa proposamen jaso dituzte eta horiek kontuan hartuko dituztela adierazi zuten. Sistema bera martxan jarritakoan ere, akatsak hobetzen joan beharko direla esan zuen Joxe Mari Iturbe Ingurumen zinegotziak.

Hondakinak noiz atera

Bileran zehaztu zen baita etxe bakoitzerako organikoentzako bi kubo banatuko dituztela eta ordutegia eta egun bakoitzean ze hondakin atera beharko diren ere jakinarazi zuten. Hondakinak gaueko 9etatik goizeko 6ak bitartean atera beharko dira: astelehen eta eguenetan ontziak, martitzenetan papera, eguazten, egubakoitz eta domeketan organikoa eta errefusa zapatuetan. Fardelak eta konpresak egunero. Kuboak otsailaren 28an hasiko dira banatzen.

Bileran adierazi zuten autokonpostaje ikastarorako 114 lagunek eman dutela izena eta datozen egunetan egingo dituztela taldeak. Autokonpostajea egitea erabakitzen dutenek %20ko hobaria izango dute 2012ko zaborraren tasan.

Martxoaren lauan, bestalde, atez ateko sistemari ongi-etorri jaialdia egingo diote. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak