Atez atekoaren gaineko informazio-bulegoa zabalik

Usoa Agirre 2011ko urt. 25a, 15:03

Atzo, astelehena, inauguratu zuten atez atekoaren informazio bulegoa. Gora beherarik ezean, sistema berri hori martxoaren 7an jarriko dute martxan eta herritarren zalantzak argitzeko, bi pertsona egongo dira lanean atzo zabaldutako bulegoan. Sistema berriaren gaineko informazioa jasotzeko, herritarrekin lehenengo bilera ere atzo egin zuten eta interesa piztu zuen: bete egin zen Torresoroako areto nagusia.

Inaugurazioan izan ziren, besteak beste, Mankomunitateko presidente Ino Galparsoro, Antzuolako alkate Pedro Iturbe, Bergarako alkate Agurne Barruso, Leintz Gatzagako Ibon Oñederra zinegotzia eta bulegoan egongo diren bi langileak, Markel Azkargorta eta Oihane Arriaran.

Torresoroa beteta

Hitzaldia izan zen ondoren Torresoroan. Areto nagusia jendez bete zen atez ateko bilketa selektiboaren gaineko informazioa jasotzeko. Pedro Iturbe alkatea, Nicola Foroni gizarteratze prozesuaren kudeatzailea, Jon Kortajarena Garbitaniako teknikaria eta Arantzazu Uribesalgo Debagoieneko Mankomunitateko teknikaria.

Zaborraren zenbait datu:

  • Iaz 17.324 tona zuzenean joan ziren zabortegira Debagoienean
  • Antzuola bakoitzak 1.240 gramo zabor sortzen du egunean; 341 kg urtean.
  • 17.324 tonatik %70,3 zabortegira eraman zituzten; %29,7 birziklatu zen.
  • %70 horretatik %40 zen organikoa.

Arantzazu Uribesalgo Mankomunitateko teknikariak zaborrak gaur egun duen gastuaren berri eman zuen: 2009an 2.834.486,5 euro izan zen Mankomunitateko zaborraren gastua; 2010ean 3.177.861,65 eurokoa. Uribesalgok esan zuenez urtetik urtera gora doa gastua.

Pedro Iturbek, Antzuolako alkateak, esan zuen orain herrian %30 birziklatzen bada, atez ateko sistemarekin, %80 birziklatzera iritsiko dela, Hernani, Oiartzun eta Usurbilen moduan. Azaldu zuen gaur egungo sistemarekin %30 horretatik gora birziklatzea ez dela posible, horregatik egin dela atez atekoaren alde. Alkateak esan zuen baliabide guztiak jarriko direla eta helburuak lortuko direla.

Iturberen esanetan, "hondakinak zabor ez bihurtzeko onena da ondo sailkatzea". Atez atekoak alde dituen zenbait ezaugarri eman zituen:

  • Zaborrik ez da sortzen >> zabortegira ez da eramaten.
  • Kalean espazio librea sortzen da.
  • Kalitate oneko organikoa biltzen da konposta egiteko: Usurbil, Hernani eta Oiartzungo datuen arabera, jasotzen den organikoaren %99 da kalitate onekoa.
  • Birziklatu daitekeen guztia birziklatzen da.

Jon Kortajarena Garbitaniako teknikariak azaldu zuen atez atekoa dela birziklapen maila handienak lortzen dituen sistema. Atez atekoarekin helburua da urtean antzuolar bakoitzak 90 kg zabor baino gutxiago botatzea. Zabortegi, erraustegi eta atez ateko sistemaren arteko konparaketa egin zuen:

  • Legea urratzen dute zabortegi eta erraustegiek. Atez atekoak legea betetzen du.
  • Klima aldaketan eragin txikiena atez atekoak du.
  • Gero eta garestiagoak dira zabortegiak. Erraustegiek tratamentu kostu altua dute. Atez atekoarekin gehiago birziklatzen da eta hori geroz eta merkeagoa da.

Atez atekoa Antzuolan

Herrigunean egingo da atez atekoa; landa eremuetan ekarpen-guneak egongo dira giltza batekin itxita. Gune horietan kontenedoreak egongo dira: urdina paperarendako, horia ontziendako, marroia organikoendako eta grisa errefusarendako (birziklatu ezin daitekeena).

Herrigunean hondakinak zintzilik jartzeko zutabeak egongo dira gune ezberdinetan. Orain arteko kontenedoreak kendu egingo dira; beirarendako iglu berdea bakarrik lagako da.

  • Organikoa: kubo marroian bilduko da, poltsarik gabe. Astean hirutan jasoko da.
  • Ontzi arinak: plastikozko poltsetan. Astean bitan.
  • Papera eta kartoia: paperezko poltsetan, kartoizko kaxetan edo sokarekin zintzilik. Astean behin.
  • Errefusa: poltsa berezian. Astean behin.

Autokonpostajea:

  • Etxean konposta egiteko ikastaroa egingo da eta kaxak banatuko dira horretarako.
  • Etxean konposta egiten duenak hobari fiskalak izango ditu.
  • Laguntza teknikoa egongo da autokonpostatzaileendako.

Herritarren inplikazioa

Pedro Iturbe alkateak esan zuen herritarrak gogoz eta pozik daudela sistema berriarekin, baina kezka eta zalantza ugari sortzen zaizkiela, atez atekoaren ezarpenaren atarian. Hala ere, lehen bileraren ostean, alkatearen hasierako inpresioa ona izan zen.

Atez atekoa martxan jartzeko, 250.000 euro inguruko inbertsioa egingo du Mankomunitateak Antzuolan. Teknikariek espero dute hilabete-hilabete eta erdian lehenengo emaitzak igartzen hastea.

Horretarako herritarren inplikazioa eskatzen dute eta datorren astean hasiko diren bileretan parte hartzeko deia egin dute. Izan ere, nahiz eta proiektuan zenbait gauza zehaztuta egon, herritarren eskarien arabera alda daitezke.

Bilerak:

  • Urtarrilak 31, 18:30ean, Torresoroan: landa-auzoak.
  • Otsailak 1, 18:30ean, Torresoroan: plazatik gora.
  • Otsailak 2, 18:30ean, Torresoroan: plazatik behera.
  • Otsailak 3, 18:30ean, Torresoroan: gaztelaniazko saioa.
  • Otsailak 8, 18:30ean, Torresoroan: merkatariak.
  • Otsailak 21, 18:30ean, Torresoroan: erabakien berri emateko batzar orokorra.

Bulegoa eta beste bide batzuk

Udaletxeko bulegoa zabalik egongo da astelehenetik egubakoitzera 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Dena dela, informazioa beste bide batzutatik ere eskuratu ahal izango da:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak