2011ko udal zergak %4,5 igotzea onartu du Udalbatzak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko aza. 4a, 10:37

2011ko ordenantza fiskalak izan zituzten mahai gainean atzoko osoko bilkuran. Ogasun eta pertsonal batzordeak datorren urteko zergak %4,5 igotzea proposatu zuen, eta Udalbatzak hasierako onespena eman zion proposamenari 8 aldeko botorekin eta 3 abstentziorekin.

Ogasun eta pertsonal batzordeak zerga bakoitzari ezartzen zaion tipo eta koefizienteak aztertu ondoren erabaki du igoera %4,5 izatea. Urte amaieran Estatuko KPIa %2,1 izango dela aurreikusten den arren, Udalak eskatuta daukan maileguari aurre egin ahal izateko hartu du %4,5 igotzeko erabakia: "Udalak, eskatuta daukan maileguari aurre egin ahal izateko plan ekonomiko finantzario bat egin zuen; horren arabera, 2010, 2011 eta 2012 urteetako KPIaren igoera %4,5 izango zela aurreikusi zen", azaldu zuen alkateak. 

Horrela geratuko dira zergak

Ondasun higiezinen gaineko zerga, ekonomia jardueren gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga eta hiri lurren balioen gehikuntzaren gaineko zerga %4,5 igotzea proposatzen da; eta, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga 2010ekoa mantentzea proposatzen da. 

Tasak

Tasei dagokienez, zabor tasa mankomunitateak proposatutako igotzea adostu dute, %1,99; agiriak luzatzeagatik ordaindu beharreko tasa bere horretan mantentzea proposatu dute; hilerriko zerbitzuaren tasa %2,1 igotzea proposatu dute; establezimenduak zabaltzeko baimena bere horretan mantentzea proposatu dute; ibilgailuen lizentzia %2,1 igotzea proposatu dute; hirigintza baimenak %2,1 igotzea proposatu dute; lurzoru publikoa mahai eta aulkiekin okupatzea 2010eko bera mantentzea proposatu dute; eta, udal pilotalekua erabiltzearren eta Eztala erabiltzearren 2010eko tasa mantentzea proposatu dute.

EAJ abstenitu egin zen

Basili Ormazabalek esan zuen "%4,5 igotzea larregi" dela kontuan hartuta KPIa %2,1 inguru izango dela. Alkateak esan zion zaila dela herritarrei azaltzea; igoera hori planteatzea ez dela "samurra" baina ezta egoera ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak