goiena.eus

'Erreleboa' antzezlana zapatuan Olaranen

 Antzuola
Zapatuan, helduendako antzerki saioa izango da 22:00etan Olaranen. Txalo antzerki taldeak Erreleboa lana eskainiko du. Lan honek aurtengo Azpeitiako Antzerki Topaketetan antzezlan onenaren saria jaso du.

Iker Galartza eta Joseba Usabiaga dira aktoreak. Biak hala biak Goenkale telesaiotik ezagunak. Tomas postariaren eta Tximista-ren paperak egin dituzte hurrenez hurren.

Soldadutza gaitzat hartuta

Oraingoan, ordea, bestelako paperekin datoz. Izan ere, soldadutzaren gaineko parodia egingo dute Galartzak eta Usabiagak.

Algezirasen egingo dute topo bi euskaldunek soldadutzan; bata amaitzekotan eta bestea hasi berritan. Gau batean elkarrekin esperientziak eta bizipenak konpartituko dituzte.

Ernesto Caballeroren jatorrizko Retén antzezlana itzuli eta egokitu du Iker Galartzak. Berak dio soldadutzaren absurdua islatzen duela antzezlan honek. Soldadutza abiapuntutzat hartuta herriminaz, adiskidetasunaz eta beste zenbait balorez jardungo dute protagonistek.

Obrak baditu bere umore puntuak ere. Beraz, antzerkiaz gozatu nahi duenak Olaranen izango du horretarako aukera. Ikuskizunerako sarrera doanekoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa