Kristina Pavo, Toponimia batu duen ikertzailea: “Pertsona izenak, abizenak eta leku izenak dira euskararen lekukorik zaharrenak”

Aintzane Irizar 2005ko api. 28a, 12:48
Antzuola Ikerketa Beka jaso zuen Kristinak Antzuolako toponimia jasotzeko. Euskaltzaindiako adituek lagundu diote. Lana bukatu du eta egindakoaren berri emango du maiatzaren 5ean, 19:00etan, Olaranen.

Zergatik Antzuolako toponimia batzea, aztertzea eta finkatzea?

Orokorrean da garrantzitsua toponimia batzea, batez ere, Euskal Herrian izenak, abizenak eta toki izenak direlako euskararen lekukorik zaharrenak. Hortaz gain, hainbat faktorek, leku izenen aldaketak, desitxuratzeak edota galerak ekarri ditu. Gauzak horrela, pentsatu dugu, berandu izan baino lehen, Antzuolako toponimia jasotzea. Egia esan, aurretik lan handia zegoen eginda, baina, ez zegoen dena behar bezala batuta. Aurrez geneukan informazioa osatu egin dugu eta gero, informazio hori guztia era ordenatu baten gorde.

Aipatu duzu izenen aldaketak edo desitxuratzeak eman direla. Lan handia eman dizue jatorrizko izenetara heltzeak?

Bada, kasu batzuetan, bai. Liburuan azalduko dira izen bakoitzaren gainean topatu ditugun aldaera guztiak. Hortaz, hor ikusten da argi eta garbi zelako garapena izan duen izen bakoitzak.

Ze metodologia erabili duzu ikerketa lan honetarako?

Lehenengo lana izan da informazioa biltzea. Alde batetik, idatzizko dokumentuak batu ditugu; idatzizkoen artean, iturri bibliografikoak erabili ditugu, hau da, argitaratuta dauden liburuetan azaltzen diren erreferentziak. Iturri kartografikoak ere erabili ditugu; esan beharra dago Iñigo Ramirez de Okarizek lan handia eginda zeukala alor horretan eta hori oso oinarri garrantzitsua izan dela; azkenik, lan handiena eman diguna izan da artxiboetan informazioa batzeak. Oñati, Bergara eta Antzuolako udal artxibategietan eta erregistroan lan egin dugu. Bestalde, ahozko informazioa batu dugu; herriko auzo guztietako bizilagunei egin dizkiegu elkarrizketak. Herritar horiek gaur egungo izenen gaineko informazioa eman digute.

Behin informazio hori guztia batuta, toponimo guztiak aztertu ditugu eta ondoren, arautzea egin dugu. Zela idatzi behar den zehaztea da arautzea. Adibidez, auzo baten izena mila era ezberdinetara idatzita ikusi dugu eta guk, irizpide batzuen arabera, izen bakoitza zela idatzi behar den arautu dugu.

Ze euskarritan edo zela batu duzue hori guztia?

Hemendik hilabete batzuetara liburu baten argitaratuko dugu egindako lanaren zati bat, baina, ez lan guztia. Liburu horretan toponimoen zerrenda, batzuen kasuan kokapena eta abar azalduko ditugu. Informazio garrantzitsuena batuko dugu liburu horretan. Dena dela, liburutegian edo udaletxean eskuragarri egongo da egin dugun lan osoa ere. CD formatuan ere jaso dugu egindako lana.

Euskaltzaindiak datu base bat dauka diseinatuta eta Euskal Herri mailako onomastika datu base bat batu nahi du. Edozeinek eskuragarri dauka informazio hori guztia.

Euskaltzaindiaren laguntasuna ere izan duzu, ezta?

Bai, hasiera hasieratik. Euskaltzaindia izan da lanaren zuzendaria eta aholkularia.

Urtebeteko lana izan duzu.

Bai; epe laburra da horrelako lan baterako, hortaz, aukeraketa egin behar izan dugu. Oraindik asko egon daiteke batzeko. Adibidez, artxiboetako iturrietan aukeraketa egin behar izan dugu; artxiboetan bertan ere aukeratu egin behar izan dugu. Azkenean, 1.700 lekuren izenak batu ditugu; toponimoak gehiago dira, toki berak izen bat baino gehiago izan dezakeelako.

Zein izan da lanaren helburua?

Antzuolako leku-izenak batzea, aztertzea eta arautzea izan dira lanaren helburu nagusiak. Bestelako helburuak ere beteko dituela uste dugu; herritarren ondare historikoa gordetzea eta aberastea ere ekarriko du lan honek; herria hobeto ezagutzeko aukera emango digu; galtzeko arriskuan dauden izenak gordetzekoa eta abar. Euskal Herri mailan, berriz, toponimoen datu basea osatzeko balio izango du.

Zelako tokien izenak batu dituzue?

Baserrienak, txabolenak, ermitenak, lur-sailenak, mendienak, auzoenak, errekenak, iturrienak… Denetik batu dugu; dena dela, esan behar dugu, liburuak mapa bat izango duen arren, izen guztiak ezin izan ditugula mapa horretan kokatu. Gainera, maparen helburua ez da izen guztiak kokatzea, Ramirez de Okarizek egindako mapa berritzea, baizik.

Jarriko zenizkiguke batutako izenen adibide batzuk?

Bai; dena dela, lehenik eta behin esan behar da hainbat izen arautzerakoan zalantzak egon direla, esaterako, asko urruntzen direlako ahozko erabileratik. Badaude izen batzuk oso errotuta daudenak eta horiek aldatu behar dira, gaizki idazten direlako. Noski, guk inori ez diogu esango zela esan behar duen izen bat, gu ez gara ahozkotasunean sartzen; hemen arautzen dena idatzizko formak dira.

Mila adibide jar genitzake; Mañarieta auzo berriaren kasua dugu, adibidez. Zergatik horrela idatzi Mainitta esaten badugu? Bada, izena, berez horrela delako. Aretxabaleta herriaren izena ere Atxabalta esaten dugu, baina, inork ez du horrela idazten.

Beste kasu bitxi bat ere badago; Ondarre auzoarena, Ondarra idatzi beharko genuke. Kontua da, berez, Ondarra izena izan arren, deklinatzerakoan e hori azaltzen zaigunez, azkenean, Ondarre izenarekin ezagutu dugula auzoaren izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak