Andoni Azkarate, erretiratuen elkarteko presidente berria: “Eguneko zentroa lortzea da gure erronka nagusia”

Aintzane Irizar 2005ko api. 21a, 13:14
Apirilaren 2an egin zuen batzar orokorra erretiratuen elkarteak. Hantxe, besteak beste, batzorde berria aukeratu zuten eta gerora presidente berria ere aukeratu dute, Andoni Azkarate, hain zuzen ere.

Noiztik diharduzu erretiratuen elkarteko batzordean?

Bi urte egin ditut batzordean; Asensio Azkarate izan da lehendakaria denbora horretan, eta ni, berriz, lehendakari ordea.

Orain, baina, presidente izendatu zaituzte eta ardura handiagoa hartu duzu.

Bai, noski; baina, lanerako gogoz gaude eta obligazioa ere badaukagu horretarako. Izan ere, lan hori norbaitek egin behar du eta oraingoan niri egokitu zait. Salvador Olabarria da idazkaria eta hark asko lagunduko dit. Elkarte dinamikoa da zuena; adibidez, irteera mordoa antolatzen duzue.

Hala da, bai; baina, erretiratuen elkartea ez da bakarrik irteerak, bazkariak edo hitzaldiak antolatzen dituen elkarte bat, hori baino askoz gehiago da. Alor askotan dihardugu lanean.

Zertan diharduzue, bada?

Adibidez, erretiratu talde handi bat dago Bergarako Mizpirualde egoitzara joaten dena hango jendeari bisita egitera.

Bestalde, ibarreko elkarte guztiok elkartu gara garraio publikoaren arazoa dela eta. Jende nagusiak eta gaixoek, batez ere, arazo handia dugu. Debagoienean, oso eskasa da garraio publikoaren egoera eta lanean dihardugu ia denon artean zerbait lortzen dugun. Gainera, Gipuzkoa osoan, erretiratuek deskontuak dituzte garraioetan, debagoiendarrok izan ezik.

Ze beste erronka duzue?

Eguneko zentroa jartzea da gure erronka nagusienetakoa. Herri asko daude Antzuola baino txikiagoak, eguneko zentroa dutenak. Proiektua badauka Udalak, baina badirudi kontu hori luzerako doala. Diputazioa eguneko zentroetarako laguntasunak ematen dabil eta hori orain aprobetxatu behar dugula uste dugu. Horrez gain, zaintzapeko etxebizitzak ere bultzatu nahi ditugu. Erretiratuon lokal hobea ere lortu nahi dugu, noski, baina eguneko zentroari eta etxebizitzei ematen diegu lehentasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak