Junior mailako Gipuzkoako Klasikoa zapatuan

Aintzane Irizar 2005ko api. 21a, 13:03
Gipuzkoako Klasikoa Antzuolan jokatzea erabaki du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak, Aiastui Peñak halaxe eskatuta. Kontua da, Uzarragako igoerak 30 urte betetzen dituela aurten, eta hori ospatzeko lasterketa berezia antolatu nahi zutela.

Zapatuan izango da lasterketa hori; 15:00etan hasiko da, Herriko Plazan. Handik Bergara aldera abiatuko dira eta Oñatira ondoren; bi aldiz egingo dute joan-etorri hori. Ondoren, Deskarga mendatea igo eta Urretxutik eta Legazpitik igaro ondoren, Oñatira joango dira; handik, berriz, Uzarragako helmugara. Guztira, 99,5 kilometro izango ditu lasterketak; 17:30 aldera bukatuko da, Uzarragan.

Espainiako Estatuko eta Ipar Euskal Herriko 155 txirrindularik parte hartuko du Klasikoan. Batetik, estatuko hainbat elkarte autonomotako selekzioak etorriko dira; bestetik, Ipar Euskal Herriko bi selekzio. Gipuzkoako taldeek ere parte hartuko dute; tartean, Gurutz Larrea antzuolarraren Sumofic taldeak.

Argazki erakusketa

Martitzenean egin zuten lasterketaren aurkezpena, Olaranen; hantxe izan ziren federazioko ordezkariak ere. Bide batez, antolatu duten argazki erakusketa aurkeztu zuten. Erakusketa horretan Uzarragako igoeraren 30 urte hauetako argazkiak ikusteko aukera izango dugu. Zapatuan egun osoan egongo da zabalik erakusketa hori.

Luis Mari Etxeberria oñatiar zaleak ateratakoak dira argazkiok eta besteak beste honako txirrindulariak agertzen dira: Unai Osa, Joseba Albizu, Iñigo Roldan, Xabier Lazpiur eta Jokin Mujika.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak