Uzarragako zubia izango da herrirako sarrera

Aintzane Irizar 2005ko mar. 9a, 17:45
Diputazioak herri barrura sartzeko Beheko Auzo pareko sarbidearen proiektua egin zuen duela hilabete batzuk. Udala ez zegoen proiektu horrekin ados eta, hainbat batzarren ondoren, adostasuna lortu dute. Proiektu berria egingo du orain Diputazioak.

Uzarragara joateko hartzen den zubitik eta Beheko eta Eguzki auzoen ostetik Lizarragara errepidea egingo dute. Errepide horren hasierako helburua zen Elay lantegira doazen kamioien eta autoen trafikoa murriztea herri barruan, Kalebarrenen, bereziki.

Baina, orain, Lizarragarako errepidea izateaz gain, herri barrurako sarrera berria ere horixe izango da. Orain dela hilabete batzuk Beheko Auzo pareko herri barrurako sarreraren proiektua aurkeztu zion Diputazioak Udalari. Udaleko arduradunak ez zeuden proiektu harekin ados; hainbat batzarren ondoren, Diputazioko eta Udaleko arduradunak adostasunera heldu dira, eta herri barrurako sarrera ere Uzarragarako zubitik egitea erabaki dute. Gaur egungo herrirako sarrera, Lapatza parekoa, kendu egingo dute.

Antzuolatik Bergara aldera irten nahi duten ibilgailuendako, berriz, gaur egungo tokitik egin nahi du irteera Udalak; hori bai, hobekuntza batzuk eginda.

Kalebarrengo zubian egokitzapenak

Gauzak horrela, herrira Beheko Auzotik sartzen diren ibilgailu gehienek Kalebarrengo zubitik pasatu beharko dute. Horregatik, egokitzapenak egingo dituzte zubi horretan; Zurrategitik zubira goazela, eskumako aldean bihurgune zabala egingo diote.

Bestalde, Bergaratik gatozela sarbide berritik herri barrura edo Lizarraga aldera sartzeko, errei luze bat jarriko dute errepide erdian; Ibarreta gainetik Etxe-Zuri parerainokoa izango da errei hori. Horretarako, errepidea zertxobait zabaldu egin beharko dute.

Zumarraga aldera irteteko, berriz, errepide erdian azelerazio errei bat egingo dute. Gaur egun ere badago txiki bat, baina, gero egingo dutena luzeagoa izango da, ia Lapatza parerainokoa.

Uzarragarako zubia ere zabaldu egin beharko dute, noski. Oraingoaren halako bi izango da. Adostutako kontu hauekin guztiekin, proiektu berria egingo du orain Diputazioak, udarako. Datorren urte hasieran lanekin hastea espero dute Diputazioko eta Udaleko arduradunek.

Arauen aldaketak, bertan behera

Egubakoitzean, hilak 11, osoko bilkura egitekoak dira. Hantxe arauen aldaketak behin betiko onartzekoak diren arren, gai hori mahai gainean lagatzeko asmoa dute. Izan ere, goian aipatu ditugun asmo horiek guztiak aurrera eramateko, beste arau batzuk ere aldatu beharra egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak